Gazolazko harrera egoitza ixteak Nafarroan adingabeei ematen zaien arreta erresidentzialean ekarri duen murrizketa salatu du LABek

LAB sindikatuak salatu du Nafarroako Gobernuak Gazolaz adingabe migratzaileentzako harrera zentroa ixtearekin 20 langile kaleratuko dituztela.

2020-ko azaroak 9

LABek ez du inolaz ere bat egiten adin txikiko migratzaileen arretan egiten den murrizketa horrekin, eta, gainera, ez du ulertzen nola ez dituzten beste toki batean jarriko kualifikatutako eta trebatutako langile horiek, kontuan izanik Nafarroan adingabeentzako egoitza-arretako plantilletan dagoen urritasuna.

2019ko abenduaren 16an hasi zen “ARE Gazólaz” harrera-egoitza espezializatuaren ibilbidea. Urgentziazko esleipenaren bidez abiarazi zen; ondoren, Nafarroako Gobernuak lizitatu zuen (ez da esleitu) eta Mugarik Gabeko Nafarroako Elkarteak kudeatzen du.

Ordutik, profesionalen talde osoak egoera zail askori aurre egin behar izan die, eta egoera horiek konpondu dira beren jardun eta jakintza profesionalari esker. Hezkuntza arloko esku-hartzea konplexua izan zen hasiera-hasieratik, egoera gatazkatsua eta hizkuntza-oztopoak zeudelako, eta adingabe gehienek eskatu zuten beste nazionalitate batzuetako gazteekin egoitza-baliabideetan sartzeko.

Gobernuari helarazi zioten baliabidea birmoldatzeko beharra, eskatu zioten segregazionismoa alde batera uzteko eta etiketarik gabeko egoitza bat sustatzeko, adingabeen premia indibidualak aseko zituen egoitza, jatorria edozein dela ere -azken batean, hitz handiustez aipatzen duten adingabearen ongizate goren horri erantzungo diona-; alabaina, Gobernuak ez dio entzuten profesionalen taldeari eta adingabe migratzaileentzako baliabide esklusibo baten beharra azpimarratzen du, teknikarien irizpideei jaramonik egin gabe.

11 hilabetez, profesionalek gogor lan egin dute talde berria osatzeko, adingabe horien laneratzea eta inklusioa lortzeko, jokabide desegokiak izaera prosozialeko beste batzuekin ordezteko trebetasunak landuz; prozesu honetan, guztira, 30 eraso jasan dituzte eta artxibatu egin dira. Hala eta guztiz ere, langile horiek berrikuntzan eta berrasmatzen aritu dira, talde gisa indartu dira eta esku-hartze bikainak egiten jarraitu dute. Alarma-egoeran funtsezko langile izendatu zituzten.

Bada, azaroaren 3an, Olga Chueca Familiak eta Adingabeak zerbitzuko zuzendariordeak jakinarazi zuen funtsezko langile horiek kalera joango direla abenduaren 20an. Egoitza itxi eginen dela abisatu du, argudiatuz jada ez direla iristen adingabe migratzaileak eta iristen direnek ez dutela gatazka-profilik.

Euren inplikazioaren eta ahalegin izugarrien ondoren, hogei profesional inguru lanik gabe utzi nahi dituzte, Gobernuak adingabe migratzaileen ARE hori Iruñeko adingabeen ARE komun bihurtzeko borondaterik erakutsi gabe. Gaur egun, adingabeen multzo handi bat ez da jasotzen ari esku-hartze intentsiborik, AREn plaza nahikorik ez dagoelako eta beren beharrak asetzen ez dituzten beste baliabide batzuetan geratzen delako.

Eta orain, zer gertatuko da Gazolazen bizi diren adingabeekin? Oraindik ez dakigu zer gertatuko zaien, baina itxi egingo dela esaten digute. Beren beharrak asetzeko baliabideak eskuratu ahal izango dituzte? edo balorazio profesionalik gabeko plazak dauden zentroetan sartuko dira? Kasu horretan, aldez aurretik amaitutzat emango al dute beste adingabe batzuen prozesua, plaza gehiago izateko? Adingabe migratzaileak ez badatoz, eta ARE hori ez bada beharrezkoa, zergatik ez da ARE komun bihurtzen? Zergatik kaleratu 20 langile kualifikatu eta prestatu, Nafarroan adingabeentzako harrera-egoitzan langile gutxi badaude? Zergatik ez birkokatu? Hori al da esku-hartze sozialeko profesionalak tratatzeko modua?

Egoera horrek guztiak Gobernuaren murrizketa ikaragarria dakar eta, ondorioz, bigarren maila batean geratuko dira Nafarroako adingabeen beharrak eta esku-hartze sozialaren sektorean lan egiten duten pertsonen beharrak. Sektore hori gaizki tratatua izan da betidanik, eta gaur egun esku-hartze sozialerako hitzarmen duin baten alde ari da borrokan.

Gehiago