Gazara Ontzia babesteko Espainiako Armada bidali izana egindako presioari esker dela azpimarratu dute ekintzaileek

2025-ko irailak 26

Zenbait estatuk iragarri izanak Flotillako parte hartzaileentzat “babes militarra” emango dutela “herriaren presioak” eragindako erabaki bat dela uste dute Gazara Ontziako antolatzaileek. Azken asteetan egindako mobilizazioak eta elkartasun ekintzak erakusten dute “gai direla behartzeko diruaren interesei erantzutera ohituta dauden erakundeak mugiaraztera”.

Hala eta guztiz ere, iruzurrekin adi egoteko deia egin dute. Estatu espainoleko Gobernuak hartutako erabakia “ez doa norabide onean” dio Ontziako lagunek, “baldin eta bere benetako helburua gurearekin bat ez badator. Gure helburu estrategikoa argia baita: Gazako setioa hautsi eta korridore humanitario bat irekitzea, genozidioa gelditzea eta zigorgabetasun sionistarekin amaitzea”. Gainerako guztia “adabakiak, distrakzioak edo genozida eusten dutenen interesak mehatxatzen ez dituzten keinu hutsak” baino ez direla uste dute ekintzaileek.

Ikuspuntu antimilitaristari batetik ere kritikatu dute Gobernu espainiarraren urratsa. “Ezin dugu indarkeriarik gabeko ekintza bat egin suntsitzaile militar batekin batera. Izan ere, flotilla honen indarra da denok bat garela, eta Gazara ekimen global, kolektibo eta ez-bortitz honetan denok batera iristeko erabakitasuna hautsezina dela” diote oharrean, eta berresten dute ekimen honek ezin duela izan logika militarra.

Zentzu horretan, Espainiako Gobernuari eta gainontzeko Estatuei “neurri erreal, egiaztagarri eta eraginkorrak” eskatzen dizkiete. Hala nola, Israelekin harreman guztiak apurtzea, zigor ekonomikoak ezartzea eta Palestina onartzea modu eraginkor batean.

Gehiago