Gazara Flotillaren lau euskal herritarrak iritsi dira etxera

Tratu txarrak salatu dituzte atxilotuak egon diren bitartean eta Israeli boikota egitea eskatu dute genozidioa gelditzeko eta Palestinaren askatasuna lortzeko.

2025-ko urriak 7

Gazarako flotilla solidarioan parte hartu duten lau euskal herritarrak Euskal Herrian dira dagoeneko. Israelek deportatu ondoren, hasieran hegazkinez joan ziren Atenasera Flotillaren gainerako partaideekin batera. Jarraian, beste hegazkin batean, Loiuko aireportura iritsi ziren. Loiuko aireportuan dozenaka lagun zituzten zain, eta etorrerari babesa eman eta «Israeli boikot» edo «Palestina askatu» oihukatu dute.

Jotas Oses, Itziar Moreno, Mikel Zuloaga eta Abdel Karim el Khamlichi dira Euskal Herriko ordezkaritza osatzen zutenak, eta laurek salatu dute jasandako tratua Israelgo Armadaren eskutik. Flotillako beste parte-hartzaile batzuek azaldu duten bezala, euskal herritarrek salatu dute Israelgo agintarien tratu txar fisikoak eta psikologikoak jasan dituztela. Hala, aireportuan kontatu dute jo egin dituztela, tratu umiliagarriak eman dizkietela, loa kendu dietela, ziega txikietan pilatuta eduki dituztela, ez dietela ez janaririk ez edaririk eman, armekin eta txakurrekin eraso egin dietela, inkomunikatuta eduki dituztela eta osasun-laguntza ukatu dietela.

Itziar Moreno ontzidiko kideetako batek Loiura iritsi denean adierazi duenez, “Israelekin akordio ekonomiko, kultural, politiko, kirol edo akademiko oro bertan behera uzteko garaia da, Gazako bake-prozesua engainua baita”.

«Palestinarrek lasai lo egin ezin duten bitartean, ezinezkoa da Euskal Herrian batzuek holokaustoaren ekonomiarekin irabaziak izaten jarraitzea», adierazi du.

Gehiago