Gaur hasiko dira San Fermin Txikitoko ekimen herritarrak

Orotara 125 ekimen dira Jai Batzordeak antolaturikoak eta Udalak behar bezalako baimenak eman ez dion arren jaiekin aurrera jarraituko dutela adierazi du. Era berean, bihar larunbata 18:00etan “Aurten bai ala bai” lelodun kalejiran parte hartzeko deia luzatu dute.

2014-ko irailak 19

Jai Batzordeak Udalaren jarrera gogor salatu du aurtengoan, berriz ere, bere ekimenak aurrera eramateko baimenak eman ez dizkiolako. Bizilagunek azaldu dute asteak daramatzatela Udalarekin harremanetan jarri nahian eta pasaden asteartera arte ez zuten Viezma Hiritarren Segurtasuneko arduradunarekin biltzea lortu.

Jai Batzordeak azaldutakoaren arabera, Viezmaren argudio bakarra San Fermin Txikitoren antolakuntza Iruñeko Udalaren esku geratzen dela da, eta udal arduradunak uko egin zion Arartekoaren gomendioak zergatik errespetatzen ez dituzten erantzuteari.

Arartekoa Auzogunea muntatzearen alde
Abuztuaren bukaeran Arartekoak Auzogunea muntatzeko behar diren baimenak emateko eskatu zion Iruñeko Udalari. Arartekoak, zehazki, Redin-Zaldi Zurian barra bat jartzeko aukeraz Iruñeko udalari ohartarazi zion “bizilagunen ekimenez eta jai herritarrei lotuta, eta beraz, modu puntualean eta epe laburrerako eremu publikoan hau bezalako instalazio desmuntagarriak jartzea ohiko praktika direla inguru honetan eta jaiak modu egokian kalean garatzea ahalbidetzen duela, auzoko bizitza kulturalean pertsona guztien parte hartzea ahalbidetuz, eta zehazki, bizilagunena”.

Ekimenekin aurrera
Dena dela, Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako ekimenekin aurrera jarraituko duela berretsi du. Gaur bertan korporazio txikia aukeratuko dute, eta gaurtik aurrerahamarnaka ekimen izango dira.

Berritasun bezala mugikorrentzako aplikazio bat aurkeztu dute zeinean San Fermin Txikitoko ekimen eta kanpaina guztiak aurki daitezkeen. Era berean, aktibatutako eraso sexisten aurkako protokoloari garrantzia berezia eman diote.

Auzo batzarra asteartean
Gauzak horrela, Jai Batzordeak auzo batzar bat deitu dute datorren astearterako egoera aztertu eta zer egin erabakitzeko. Jai Batzordeak honako hitzak luzatu dizkie Viezma eta Maya arduradunei: “Auzo bezala eskubidea dugu San Fermin Txikito antolatzeko, azken 40 urteetan egin izan dugun bezala”.

Batzarra Bullicio Pamplones Peñan 19:30ean izango da.

EH Bilduk Arartekoaren gomendioak betetzeko eskatuz mozioa onartu du Osoko Bilkuran

Koalizio abertzaleak UPNren erabakia kritikatu eta “kaleen jabe sentitzea eta modu horren baztertzaile eta kazikilean” aritzea salatu du.

Horrekin batera, gaur izan den Osoko Bilkuran mozio irekia aurkeztu du UPNri eskatuz Arartekoaren gomendioei kasu egitea eta Jai Batzordearen ekimen guztiak baimentzea, “baita Auzoguneko barra ere”. Mozioa oposizioko tald eguztien babesa jaso du eta aurrera atera da.

 

Gehiago