Gaur estreinatuko da Pasaiako Badia dokumentala Iruñeko Golem zinemetan
1984ko martxoaren 19an Pasaian jazotako gertaerak ditu oinarri dokumentalak. Bertan, poliziak Jose Mari Izura, Rafa Delas, Dioni Aizpuru eta Pedro Mari Isart hil zituen. Komando Antikapitalistak talde armatuko kideak ziren.
2017-ko urriak 23
Gaur asteartea estreinatuko da Pasaiako segada oinarri duen dokumentala Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan, arratsaldeko 20:00retan. Lehenengo, Yuri Agirre, Xabier Otamendi eta Erik Aznal, dokumentalaren zuzendariek, sarrera labur bat egingo dute, dokumentalaren nondik norakoak azalduz. Ondoren, dokumentalaren emanaldia izango da.
Dokumentalaren estreinaldian, Pasaiako segadan hildakoen senideak, dokumentala garatu duen lan talde teknikoa, elkarrizketatuak eta baita ordezkari instituzionalak izango dira.
Estreinaldiren ondoren, dokumentala Euskal Herriko hainbat zinema aretotan ikusteko aukera izango da.
1984ko martxoaren 19an Pasaian jazotako gertaerak ditu oinarri dokumentalak. Bertan, poliziak Jose Mari Izura, Rafa Delas, Dioni Aizpuru eta Pedro Mari Isart hil zituen. Gorpuek, guztira, 113 bala-zulo zituzten. Dokumentalean, hildakoen senideek, Joseba Merino eta Rosa Jimeno gertaeren lekuko zuzenek, Pasaiako herritarrek, Santi Gonzalez eta Miguel Castells abokatuek, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohiak, Paco Etxeberria mediku forentseak, Fernando Orgambides El Paiseko kazetaria zenak eta Enrique Villareal “El Drogas” musikariak parte hartu dute, besteak beste. Ikerketa lana, zehaztasuna eta sakontasuna ditu oinarri, eta thiller-a eta drama uztartzen ditu; irudi gogorrak nahiz momentu intimo eta sentikorrak barnebiltzen ditu. Berria egunkariaren eta Gogora Institutuaren babesa ditu dokumentalak.
Pasa den urteko azaroan crowdfunding kanpaina abiatu zuten 40 egunetan 8.000€ lortzeko helburuarekin. Jarritako xedea lau egunetan lortu zuten. Orain, dokumentala lau haizetara zabaltzea da xedea.