Gaur abiatuko da Ernai eta Topatuko kideen aurkako epaiketa
8 pertsona epaituko dituzte 2013ko Gazta Danbada ekitaldia antolatzeagatik edo horren inguruko informazioa zabaltzeagatik. Beste bat, Periko Solabarria, epaiketatik kanpo utzi zuten. Espetxe zigorrak eskatzen dituzte euren aurka.
2015-ko ekainak 11
Maiatzaren 28an hasi zen epaiketa (gazteek egindako protesta batengatik bertan behera geratu) gaur berriz hasiko da.
“Terrorismoari gorazarre” egitea leporatuta epaituko dituzte Ernaiko zazpi kide (horien artean Maialen Etxeberria Iruñeko Alde Zaharreko bizilaguna) eta Topatuko Iraitz Salegi kazetaria. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eta 10 eta 12 urte bitarteko inhabilitazioa eskatu dute haietako bakoitzarentzat. Ernaiko kideek salatu dute “disidentzia politikoa” dela epaitzen ari direna, eta horrelako “erasoek” ez dutela beren borroka etengo.
Zigor eskaeretan argi ikusten da Ernaiko kide izatea ere zigortu nahi dutela: gazte antolakundeko zuzendaritzaren parte izatea egozten dieten sei lagunentzat bi urteko eskaera egin dute, eta urte eta erdikoa gainerakoentzat.