Garesetik abiatu da Korrika euskarari ezarritako muga guztiak gainditzeko aldarrikapenarekin
Arratsaldeko 17etan, puntu puntual, hasi da euskararen aldeko lasterketa. Garesetik abiatu eta Nafarroan emanen ditu bere lehenengo pausoak: Lizarraldea, Erribera, Tafallaldea... Larunbatean Ekialdean eta Iruñean izanen da. Euskarari ezarritako muga administratiboak gainditzeko aldarrikapena zabaldu dute hasierako ekitaldian.
2019-ko apirilak 4
Euskararen aldarria daraman lekukoa irten da Garestik, azkenik, eta Gasteizen izango da 11 egun barru. Jai giroan erabat murgildurik egin dute irteteko tiroa, KORRIKAren aldeko uholdeak hartutako 3.000 biztanle inguruko nafar herrian.
Hasiera-ekitaldia Anabel Arraizak gidatu du, Demode Quartet taldeak lagunduta. Xabier Gartzia AEKren Nafarroako artezkaritzako kideak eman du hasiera diskurtsoa eta, ondoren, azken eguneko mezu sekretua sartu du lekukoan Asier Amondo KORRIKA arduradunak. Gartziak azpimarratu izan du 1980. urtean bezala “gaur ere euskarak eta Euskal Herriak Korrika zein AEK behar ” dituztela. “Oraindik ere urratsak egin behar dira, egin nahi ditugu, Euskal Herrian, gau eta egun, euskaraz bizitzeko, normal eta natural; euskara menpeko perpausa ez izateko”, esan du Gartziak.
Gares Korrikaren hasiera izatea “oso adierazgarria” dela nabarmendu du AEK-ko arduradunak. “Hemen gaude, hizkuntza-eskubideak era mistoan ulertzen dituen lurraldean, eta hemendik mintzo gara, oraindik ere giza eskubideak eremutan banatuta dituen herrialdetik. Beraz, bada garaia, administrazioko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez, hizkuntza-politika berriak abiatzeko, hemen eta Euskal Herri osoan; bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez, hizkuntza-politika berria abian jartzeko, non hizkuntza-eskubideen bermea izango den ardatza”.
Korrika martxan jarri da eta Izarbeibar eta Mañeruibarreko 16 herrietako 16 lagunek jaso dute lekukoa Asier Amondoren eskutik, 21. Korrikaren lehen kilometroa egiteko. Ondoren etorri dira Garesko Udala, Garesko elkartea-APYMA Zabaltzagain, eremu mistora pasa diren herrietako alkateak, Garesko Ezker Abertzalea, Garesko Gazte Asanblada, Artazu herria, Izarbeibarko mankomunitatea, Garesko eskolako irakasleak eta EMUN. Horrela osatu dira 21. KORRIKAren lehen hamar kilometroak.
Hortik aurrera, Izarbeibar eta Mañeruibar zeharkatu ondoren, eremu mistoan zein eremu diskriminatuan gora eta behera ibili eta gero, Lizarraldean sartuko da Korrika iluntze aldera. Lizarran harrera beroa prestatu diote 19:30erako. Bertan eragile sozialek, alderdi politikoek eta Lizarrako Udalak berak hartuko dute lekukoa. Lizarraldea atzean utzi eta Allora afalordurako iritsiko da Korrika. Hor tartean Marmarikoak agertuko dira lehen aldiz edizio honetan. Ohitura dutenez, behin eta berriz topatuko ditugu Nafarroako geografian zehar “Nafarroako administrazioan euskaraz” taldekoak. Bien bitartean, jendea batzen hasiko da hainbat herritan Korrikaren zain. Horrela, zenbait lekutan hitzordu ezberdinak antolatu dira KORRIKA iritsi aurretik afaldu eta, indarberriturik, euskararen lekukoari heltzeko. Esaterako, Andosillan arratsaldean jarri dute lehenengo hitzordua, eta ordu txikiak arte luzatuko da jai giroa,Korrika pasatu arte, alegia. Lodosan ere pintxo-afari baten bueltan batuko dira herritarrak, eta Sesman D ereduko gurasoek harrera beroa prestatu diote Korrikari, lehen urtea baitu D ereduak herrian.
Korrikak gaua Erriberan emanen du, eta bertan jarraituko du ostiraleko lehen eguzki izpiekin batera, baldin eta eguraldiak errespetatzen badu. Bitan pasatuko da Tuteratik, sei eta erdietan eta zortzi eta erdietan.