Gaixotasun larria duten preso nafarrei legeria indarduna aplikatzeko eskatu du Parlamentuak, PSNren babesarekin

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoak jaso ditu ebazpenak. UPNren eta PPNk aurkako botoa eman dute.

2017-ko azaroak 9

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren eta PPNren aurkako botoekin, gaur onetsi duen ebazpen batean, Legebiltzarrak “txosten mediko egiaztatuen arabera gaixotasun larria eta bizi pronostiko laburra edo pairamen sendaezinak dituzten presoen kondenak arrazoi humanitarioengatik berrikusteari buruz indarrean dagoen Estatuko eta nazioarteko legeriaren oinarrizko zioak eta printzipioak sostengatzen ditu”.

Ildo horretan, Foru Legebiltzarrak adierazten du bere borondatea dela “gaixotasun larriak dituzten nafar presoak espetxetik kanporatuak izan daitezen, lege indardunei jarraikiz, edo dagozkien neurri aringarriak aplika dakizkien”.

Nafarroako Parlamentuak, onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, “Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiaren 3/2017 jarraibideak, pairamen sendaezinak dakartzan gaixotasun oso larria dela-eta txosten medikoa emateko eta espetxetik ateratzeko prozeduraren gainekoak, ezartzen dituen alderdi murriztaileak arbuiatzen ditu, batez ere jarraibide horrek ‘oso epe laburrean hiltzeko arrisku nabarmen’ gisa kalifikatzen dituen kasuetan, bai eta Barne Ministerioak eman dion interpretazioa ere, kontra egiten baitie espetxe araudiaren espirituari eta gizatiartasun-printzipiorik oinarrizkoenei, bai eta erabaki horiek ustez hartu beharko lituzketen sendagileen printzipio deontologikoei ere”.

Era berean, jada hirugarren atalean, Legebiltzarrak agintari eskudunei eskatzen die “protokolo argi bat egin dezatela, hartara, Zigor Kodearen 91. artikuluarekin eta oinarrizko printzipio humanitarioekin bat etorriz, Espetxe Administrazioak arrazoi humanitarioengatik espetxe zigorraren forma arinagoak eskatu ahal izan ditzan, presoaren eskariz”.

Protokolo horrek zehaztu behar ditu “neurri hori aplikatzeko gertatu behar diren inguruabarrak, kasu bakoitzari buruz isilpeko txostena emanen duen Adituen Batzordearen sorrera, adituok hartutako erabakia errekurritzeko aukera, erabakia jakinarazteko epeak eta abar”.

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak “Estatuko espetxeetako medikuntza unitateen ekipamenduan hobekuntza handia egiteko eskatzen die agintari eskudunei, bereziki osasun mentaleko unitateetan, eta presoentzako desintoxikazio programen eskaintza handitzeko, Europako gomendioak bete daitezen eta gaixorik dauden preso guztiek behar duten tratamendu espezifikoa jaso ahal dezaten”. Halaber, “suizidioei aurrea hartzeko protokoloan behar diren hobekuntza guztiak egin ditzatela” eskatzen die agintari eskudunei.

Ildo berean, UPNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du baina ekimenaren bultzatzaileek, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek atzera bota dute. Ekimenaren titularrek “indarrean dagoen estatuko eta nazioarteko legeria errespetatzeko” eskatu dute, “arrazoi humanitarioengatik kartzela zigorra arintzeko protokolo bat” premiatuz eta “mediku unitateen -bereziki osasun mentaleko- ekipamendua hobetzeko” eskaera egin dute, baita “suizidioaren prebentziorako” formulak sortzeko ere.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean azaltzen da nola Sare plataforma herritarrak agerraldia egin zuen Parlamentuan, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hiru nafar presoren egoeraren berri emateko. Espetxe arloko legerian aurreikusita dago horrelakoak kartzelatik ateratzea edo zigorra arintzeko neurriak aplikatzea, baina preso horiei ukatu egin zaie.

Proposatzaileen esanetan, “defizit humanitarioa are gordinagoa da kolektibo jakin batzuetan, esate baterako euskal presoen kolektiboan”. Adibide gisa Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiaren 3/2017 jarraibidea aipatzen dute. Beraren arabera, kartzelatik atera daiteke “heriotza aurreikusten bada, arrazoizko ziurtasunarekin, epe guztiz labur baterako”, bi hilabeteko eperako, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak zehaztu zuenez.

Gehiago