Gabonen testuinguruan euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioak biderkatuko ditu Sare Herritarrak

Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazioak iragarri ditu Sare Herritarrak. Abenduaren 31an, Iruñean, Baratxurien Plazan izanen da ekitaldia.

2021-ko azaroak 30

Urtero bezala, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den mobilizazioaren bezperan eta Gabonen testuinguruan, Hego Euskal Herriko lau hirietan mobilizazioak deitu ditu Sarek.

Mobilizazio horien leloa “Etxerako bidean” izanen da. Sareren iritziz, euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko eta gradu-progresioa aplikatzeko aukera izan behar dute, etxera bueltatzeko urratsa bezala.

Sarek ontzat jo du espetxe-politikari dagokionez ematen ari den aldaketa, baina gogoratu nahi izan du “oraindik zutik dirau urruntze-politikak, Euskal Herrian soilik 196tik 77 preso daudelarik”. Gradu-progresioari dagokionez, nahiz eta praktikan preso guztiak bigarren graduan egon (lehen graduan urteak eman ondoren), 9 bakarrik aurreratu dituzte hirugarren gradura.

“Ez dugu ahaztu nahi, gainera, ezarritako gradu-progresio horretan atzeraeraginezko egoera bizitzen ari garela une honetan; izan ere, Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Espetxeetako Tratamendu Junten erabakiak, eta horrek esan nahi du irteteko baimena edo baldintzapeko askatasuna duten pertsonak berriro espetxeratuak izatera behartuak direla bigarren gradura igaroz. Espetxe-politikaren aldaketan atzera urrats argia da hau, eta agerian uzten du oraindik ere, sektore batzuek ez dutela aurrera egin nahi, eta erosoago sentitzen direla iraganeko konfrontazio-egoeran”, salatu dute.

Horrenbestez, Gabonetan antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzeko dei egin dute. Iruñean, abenduaren 31an izanen da  kultur ekitaldia, non urte berriari topa batekin emanen zaio ongi etorria.12:30ean, Baratxurien plazan da hitzordua.

“2021.urte amaiera eta 2022. urte hasiera kalean egingo ditugu, herriz herri antolatuko diren ekimenekin, hiriz hiri egingo ditugun mobilizazioekin eta urtarrilaren 8an Bilbon egingo dugun manifestazio jendetsuarekin. Ezin da gehiago atzeratu. Euskal preso guztien hurbilketa berehala burutu behar da, beste atzerapenik gabe. Eman diezaiogun ongietorria 2022ari giza eskubideen urraketa honi amaiera emanaz”, esan du Sarek.

EPPKren ongi etorrien inguruko erabakia txalotu du Sarek
Gaurko agerraldian, EPPKren agiriaren inguruko iritzia plazaratu dute. Sarek euskal presoen kolektiboak emaniko urratsa “enpatia ariketa sendo gisa” ulertzen du, “elkarbizitzaren bidean ekarpen garrantzitsua” dela baloratuz. “Behin eta berriro esan izan dugu, bizipen eta sufrimendu anitzek osatzen dutela gure herria, eta guztien arteko oreka bilatzean dagoela gakoa. Horrekin zera esan nahi dugu, guztioi dagokigula arduraz eta enpatiaz jokatzea, guztioi dagokigula oreka hori ahalbidetzea eta guztion esku dagoela aurrera urratsak ematen jarraitzea. Askotarikoak izan dira orain arte bai batetik zein bestetik izandako pausu eta adierazpenak, eta hau, bide berean datorren urrats gisa kokatzen dugu”, esan du Sarek. “Espero nahi genuke elkarbizitzan aurrera egiteko borondate hori egun euskal presoei eta senideei horrenbeste min egiten dien salbuespeneko espetxe politika hau indarrean mantentzen duten horiengan ere isladatzea”, gehitu dute.

Gehiago