Gabon hauetan euskal presoen alde topa egitera gonbidatzen du Etxerat elkarteak elkartasun proposamen berri batekin
Etxerat Elkarteak eta euskal mahastizainen talde batek bat egin dute 2020ko Gabonetan elkartasuna etxeetara helarazteko. Arabako ardo botilekin osatutako kutxak salduko dituzte sakabanaketak eta espetxe politikak eragiten dituen gastuei aurre egiteko.
2020-ko abenduak 1
Udatik martxan den “Depositoak bete elkartasun” dinamikari jarraipena emanez, senide eta lagunek astebururo sufritzen duten dispertsioaren gastu ekonomikoei aurre egitea da kanpaina berriaren xedea. Senide eta lagunei laguntza eta babesa eskaintzeaz harago, beharrizan ekonomiko hauek asetzeko konpromisoa hartu du Etxeratek, eta oraingoan senide eta lagunenganako elkartasuna ardo kutxetan banatuko dute.
“Euskal mahastizain batzuei esker, Euskal Herriko kalitatezko ardoaz disfrutatu ahalko dugu. Giza neurriko upategi txikietan ekoiztutako ardoa, gure herri zein eskualdeetan sustraitutakoa, senide zein lagunei haien bidaietan laguntzeko helburuarekin”, adierazi du Etxeratek.
Sei botilez osatutako kutxak 60€tan jarriko dira eskuragarri. Ekarpen horri esker bidaien 592 km-ren gastuei aurre egiten laguntzeko beste lortzen da. Etxeraten egoitzetan, Depositoakbete.eus webgunean, zein ohiko herri eta auzoetan izanen dira ardo kutxak lortzeko aukera.