G7ak Miarritzen eginen duen gailurraren aurka mobilizatzeko deia egin dute

Herritarrak G7aren aurka mobilizatu eta Euskal Herritik ere "mundu berri bat eraikitzen" ari dela aldarrikatzeko G7 EZ! Plataforma osatu dute, baita Iruñean ere, hainbat elkartek, herri mugimenduk, sindikatuk zein alderdi politikoak. Apirilaren 16an Zero Asanblada izeneko batzarrera joateko gonbidapena luzatu dute.

2019-ko apirilak 3

2019ko abuztuaren 24, 25 eta 26ean G7aren gailurra Euskal Herrian egingo da, Miarritzen. Mendebaldeko potentzia handien gailur honen helburuak “kapitalismoa betikotu eta neoliberalismoan sakontzeko konpromisoak hartzea” direla salatu dute gaur Iruñean elkartu diren eragileek.

Euskal Herrian “kapitalismoaren, heteropatriarkatuaren eta inperialismoaren zapalkuntzei erresistentzia, elkartasuna eta bestelako mundu bat eraikitzeko borondatea sustraituak eta bizirik” dirautela kontutan hartuta, gailurra hau arbuiatzeko deia zabaldu dute. “Abuztuan G7 osatzen duten estatuen helburua herritar gehienontzako ondorio latzak dakartzala jada ezaguna den mundu bat bersortu eta indartzea izango da: klima aldaketa, desberdintasunen areagotzea, gerra inperialistak, indarkeria martxistaren areagotzea, migrazio behartuak, banka eta transnazionalen nagusitasuna,… Krisian dagoen sistema kapitalista globalizatua, alor sozial, politikoa, zein ingurumenean guztiongan ondorio gogorrak eragiten dituena, baita eremu pribatu eta zaintzarenean ere, heteropatriarkatu eta kapitalaren arteko aliantza eusten duen zutabea”.

G7ak Miarritzen iraungo duen denboran “askatasun publikoak erabat mugatuak” izango direla ere salatu dute, manifestazio eskubidea esaterako. “Egiazko setio egoera eta indar polizial ezberdinen okupazio itogarria inposatuko da hainbat egunez”, gogoratu dute.

“Herritarrei dei egiten diegu G7 eta bere politika hiltzaileen aurka aritzera eta haien mundua ordez, jada eraikitzen ari garen bestelako mundua nahi dugula aldarrikatzera.
Justitzia soziala, elkartasuna eta berdintasuna oinarri dituen eredu berri baten alde mobilizatuko gara, eredu eta mundu bat non pertsonok eta herriek gure etorkizuna nolakoa izango den erabaki ahalko dugun”.

Iruñean gailurraren aurkako erresistentzia eraikitzeko datorren apirilaren 16an, 18:30etan Zabaldin izango den Zero Asanblada izeneko batzarrera herritar guztiak gonbidatu dituzte.

Momentuz, hauek dira G7ez ekimenarekin bat egin duten Iruñeko eragileak: Sortu, EH Bildu, Orain Bai, Antikapitalistak Nafarroa, PCE, Izquierda-Ezkerra, Ernai, Gazte Komunistak, Txokogorri eta Antsoaingo gazte mugimendua, Arrosadiako gazte mugimendua, Donibane (Maratxa gazte mugimendua), Txantreako gazte mugimendua, Eraldatu, Askapena, Zabaldi, Internazionalistak auzolanean, AHT Gelditu!, Martes al Sol, SOS Arrazakeria, Karabana Mugak Zabalduz, Sasoia, Emakume Internazionalistak, ATTAC Nafarroa, Sustrai Erakuntza, AEK, Zikutak, Bilgune Feminista, Grupo Autónomo Transmarikabollo, Coordinadora Nafarroa Greba Feminista, Bardenas Libres 2018, Ahora Navarra – Nafarroa Orain, Escuela social Barañain, Tomate Gorriak, Parlamentu Soziala, Pentsionistak martxan, Oneka, Iruñea Harrera Hiria, EH 11 kolore, Lugatibe, Bullerak eta Ortzadar.

Gehiago