G7ak Biarritzen egingo duen gailurraren kontrako plataforma sortu dute

Datorren urteko abuztuan, Biarritzen egingo dute gailurra Mendebaldeko zazpi potentzia ekonomikoek. Euskal Herriko hainbat eragilek plataforma aurkeztu eta deia egin dute egun horietan mobilizatzeko, “kapitalismoak irudikatzen duen mundua errotik aldatzea beharrezkoa delako” eta “beste mundu bat sortzea posible eta premiazkoa delako”.

2018-ko azaroak 28

AEB, Japonia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Italia eta Kanadak osatzen dute G7. Gailur hauek kapitalismoaren interesen araberako konpromisoak bideratzeko baliatzen dituztela eta konpromiso horien bidez “beste herriei inposatzen zaizkien ekonomia eta finantza politikak” erabakitzen direla kritikatu du plataformak. Potentziek merkataritza askea, desarautzea, neoliberalismoa eta aurrekontu austeritatea dituztela ikur, eta “oroz gainetik, diru zama ikaragarriak xahutzen dituzten G7ren gailurrak komunikazio operazioak” baino ez direla.


Justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna
Horren aurrean, “G7 ez! EH-tik beste mundu bat sortzen” plataformak bestelako mundua du aldarri, justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna izango dituena oinarri, azken urteotan Euskal Herrian martxan diren mobilizazio eta egitasmoei jarraiki: aldaketa klimatikoaren aurka, herritarren zirkulatzeko eskubidearen alde, langileen eskubideen defentsan, feminismotik, kultur eta hizkuntza aniztasunaren alde, gerraren kontra eta bakearen alde, autogestio proiektu anitzak bultzatze bidean…

“Ildo honetan, G7aren presentzia errefusatzearekin batera, aldaketa sozialaren aldarriari hauspoa eman nahiko genioke”, diote, eta bat egitera animatu dituzte herritarrak. Dagoeneko atxiki diren herri mugimenduen artean daude, besteak beste, Amankomunak, Askapena, Attac, Bake Ekintza Antimilitarista, Bilgune Feminista, Eleak Libre, Ongi Etorri Errefuxiatuak, eta sindikatu eta alderdi politiko ugari.

Gehiago