FSk premiazkotzat jotzen du torturaren ondorio juridikoak berrikustea eta kartzeletan sartzea presoei Istanbulgo Protokoloa aplikatzeko

Atristain kasuaren Europako jurisprudentzia onartuz, Auzitegi Nazionalak Gorka Palacios euskal presoa absolbitu du. Horren harira Foro Sozialak premiazkotzat jotzen du torturaren ondorio juridikoak zein izan diren behatzea eta berrikustea. Ildo berean eskatu du IVACeko talde profesionalari presoak dauden kartzeletara sartzen uztea, Istanbulgo Protokoloa aplikatu ahal izateko.

2022-ko martxoak 15

Pasa den otsailaren 25ean aurkeztu genuen Behatokiaren 4. txostenean Atristain kasuari buruz TEDHk emandako epaia aztertu genuen. Orduan nabarmendu genuen bezala, epai horrek atxilotzean torturak jasan zituzten 95 presoei eragin behar lieke. Gaur, ANren epai honek duela hilabete egindako aurreikuspena berretsi du.

Torturaren biktimentzako egia bilatzeko bidean, urrats garrantzitsua izango litzateke IVACeko talde profesionalari presoak dauden kartzeletara sartzen uztea, Istanbulgo Protokoloa aplikatu ahal izateko.

Tortura terrorismoaren aurkako mekanismo gisa sistematikoki erabili dela frogatua ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak premiazkotzat jotzen du torturaren ondorio juridikoak zein izan diren behatzea eta berrikustea.

Urte asko behar izan dira torturaren biktimengan zegoen susmoaren itzala gainditzeko. Gaur egun, urrats sendoak egiten ari dira eremu horretan. Gai horri ausardiaz aurre egiteko garaia iritsi dela uste dugu, bizikidetza demokratikoari egindako ekarpen gisa.

Foro Sozialaren helburua biktima guztiek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatua izatea da. Biktima guztiena, baita torturaren biktimena eta kondena betetzen ari diren pertsonena ere.

Gehiago