Frantziako espetxeetan bisitak egin ahal izateko presoen senideek egin beharreko PCRak doakoak izatea eskatu du Etxeratek
Senidei doako proba azkarrak egitea, UVF-ak berehala zabaltzea eta gaixotasun larriak duten presoak askatzea ezinbestekoa dela dio Etxeratek.
2021-ko otsailak 19
Osasun-larrialdiaren testuinguruan, Frantziako Estatuan preso dauden senideei bisitak egin ahal izateko PCR probak exijitzen zaizkiola eta horren kostu ekonomikoa euren gain hartu behar dutela salatu du Etxerat elkarteak.
Gaur egun Frantziako espetxeetan dauden euskal preso gehienak Hego Euskal Herrikoak dira. Urrutiko espetxeetan (Paris, Rennes eta Roanne) dauden presoen kasuan, pandemiak are gehiago zaildu du senide eta gertukoek aurretik pairatzen zituzten zailtasunak. Izan ere, bisitak egin ditzaketen pertsonen kopurua murrizteak eta bisitak egiteko UVF (espetxe barruan bisitak egiteko dauden etxe txikiak) ixteak areagotu egin du presoen inkomunikazioa. Adingabe, seme-alaba eta zuzeneko senide askok ezin dituzte beren zuzeneko senideak bisitatu, Etxeratek jakinarazi duenez.
Etxeratek eskubideen urraketa horiek salatu nahi izan ditu eta horrez gain, senideek ezin dutela beren gain hartu Frantziako Estatuan bidaiatzeko eskatzen zaien PCR gastua azpimarratu nahi du. “Senideei eta hurbilekoei doako proba azkarrak egitea proposatzen dugu, espetxeetara iristen direnean eta, bestetik, UVF izeneko etxetxoak berehala zabaltzea osasun-baldintza egokietan, preso eta senideen arteko egoteak lehenbailehen errekuperatzeko”. Halaber, berretsi egiten dute gaixotasun larriak dituzten presoak askatuak izan behar direla, hala nola Ibon Fernandez Iradi eta Jon Gurutz Maiza, eta 65 urtetik gorakoak, Jon Kepa Parot eta Jakes Esnal.
Espainiako espetxeetan bisitarik ez
Asteburu honetan ere, espainiar Estatuko ia espetxe guztietan bisitak bertan behera utzi dituzte Barne Ministerioaren aholkua jarraituz. Bisitak bertan behera utzi izanak hainbat kolektibo eta elkarteen salaketa eragin du.