FCCko langileek salatuko dute bihar euren lankidearen lan istripu hilgarria

2024-ko uztailak 22

Sanferminetan garbiketa lanetan zebilen langile baten lan istripua gertatu zen. Egun batzuk beranduago hil zen langilea jasotako zauri larrien ondorioz. Bihar greba eguna deitu du FCCko langileen enpresa komiteak.

Pasa den uztailak 10ean, gaueko txandan, zabor edukiontzien hustuketan ziharduen FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) I.U. langileak, kamioiaren kabinaren gainera igo behar izan zuen hustuketa egiteko kontainerra trabatuta gelditu zelako. Bertan zegoenean, irristatu eta lurrera erori zen buruan kolpe larria jasoaz. Langilea ostiralean hil egin zen.

Zabor bilketa normalean kamioiaren gidariak egiten du baina arazoak sortzen badira, hau da, kontainerra trabatzen denean, gidariek protokolo bat dute segurtasuna bermatzeko. Prozedurak, beste langile batzuen presentzia exijitzen du tartean errekurtso prebentiboarena, baita arduradunarena ere eta eskailera berezi batzuk erabili behar dira segurtasuna bermatzeko.

Gaueko txanda izanik, ez zegoen nahikoa langile eta prozedura ez zen abian ipini, LAB sindikatuak egindako salaketaren arabera. “Langileek aspaldi ohartarazi zuten enpresa, mankomunitateko kamioi berriekin arazo asko sortzen zirela zabor bilketan. Gainera, nahiz eta “protokolo” bat eduki prozedura honetarako, langile guztiek ez zuten ezagutzen, edozein langile eramaten zuten prozedura hau aurrera eramateko, nahiz eta formakuntza ez eduki (pluma erabiltzeko eta altueran lanak egiteko formakuntza), eta normalean bakarrik goizetan betetzen zen protokoloa, jende gehien dagoen txandan”, dio sindikatuak ohar batean.

Etekin ekonomikoen eta lan istripuen artean dagoen lotura salatu du LABek. “Berriro ere FCC enpresak, zerbitzuari etekin ekonomiko gehiago ateratzeko behar direna baina langile gutxiago kontratatu ditu lan arriskutsu bat egiteko eta honek eragin du segurtasun protokoloan ezin abian jarri izatea, istripu hilgarri berri bat eraginez”.

Lan istripuetan Administrazioak duen ardura eta horiek ekiditzeko egin behar den prebentzio lanetan jarri du fokoa sindikatu abertzaleak. “Administrazioak esleitutako kontratuen garapenean ez dira segurtasun neurriak betetzen enpresa hauen interes ekonomikoak langileen bizitzaren aurretik daudelako. Administrazio orori eta euren kudeatzaileei eskatzen diegu, esleipenetan lan osasun klausulak barneratu ditzatela enpresa hauei prebentzio araudia betearazteko. Hamarkada luzeetan erakutsi bait digute behartzen ez bazaie ez dutela laneko osasunerako araudia beteko”.

Bihar asteartea kalera aterako dira lan istripu hau salatzeko, eta greba eguna deitu dute. LABek gogoratzen duenez, Nafarroan aurten ematen den 8. heriotza da, eta Euskal Herrian gutxienez 33 izan dira lan istripuetan hildako beharginak.

Gehiago