Faxismoaren aurkako protesta Lizarran VOXek antolatutako hitzaldi batean

2026-ko otsailak 26

Lizarrako antifaxista talde bat VOX alderdi ultraeskuindarrak antolatutako hitzaldi bat oztopatzen saiatu zen atzo arratsaldean. Julio Ruiz de Alda Falangearen sortzeileetako bat goraipatzeko ekitaldia bat antolatu zuten Plus Ultra hegaldi transozeanikoaren lehenengo bidaia gogoratuz.

Ruiz de Alda Francisco Francoren anaiarekin egin zuen bidaia hau, eta hori izan da gaur egungo UPNko alkateak (bere senidea dena) aitzaki bezala erabili duena bere izenean dagoen Lizarrako kalea ez kentzeko.

Arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxean ospatu behar zen hitzaldia. 18.00k pasata, gazte talde batek eserialdia egin zuen atean sarrera oztopatu nahian. Beste talde batzuk inguruko kaleetan bildu ziren, faxismoaren aurkako ohiuak eginez. “Udaletxeak alfonbra gorria jartzen dio faxismoari, herriko kolektiboei hamarnaka traba jartzen dizkien bitartean”, salatu zuten ohar batean.

Foruzaingoa eta Guardia Zibila, eskuz esku, operatibo bat gauzatu zuten antifaxistak banan bana desalojatuz. Ez ziren istilu gehiagorik izan eta azkenik, hitzaldia egin zen.

“Falangeak sekulako izua zabaldu zuen Nafarroan, eskuadra falangistek sindikatuetan antolatzen ziren langileen aurkako errepresio bortitzean parte hartu eta emakumeen aurkako mota guztietako basakeriak egin zituzten. VOX alderdiak ez du ezkutatzen antolakunde hauekiko begirunea”, salatu dute ohar batean protestaren egileek.

Faxismoaren aurkako borroka areagotu egin behar dela ere azpimarratu dute. “Beste leku batera begiratzen badugu, ideia hauek gizartean zabaldu egingo dira, gizarte faxista bateranzko oinarriak jarriz. Gizarte faxista horretan muturreko lan esplotazioa, oinarrizko eskubideen deuseztapena eta pertsona migratu, LGTB edo euskararen aurkako jazarpena etorriko dira. Horregatik, garrantzitsua da faxista hauei aurre egitera joatea eta esatea ez ditugula gure herrian nahi”.

EH Bilduk: “Ruiz de Alda udal kale-izendegitik kentzea eskatzen dugu”

Lizarrako EH Bildu taldeak Udalari “frankismoa goraipatzen duten” ekintzen aurrean “jarrera irmoa” izatea eskatzen dio “oroimena eta errepresioa jasan zutenekiko errespetua ekintza politikoaren erdigunean” kokatuz. Ruiz de Alda faxistaren izena daraman kaleari izena aldatzen eskatu dute berriz ere.


Gehiago