Fagorrek pentsioa handitu beharko dio amiantoren ondorioz biriketako minbizia duen langile ohi bati

ELAk adierazi duenez, GSINek segurtasun neurri falta dagoela aitortu eta lanbide gaixotasunaren ondoriozko prestazioen %50eko errekargoa ezarri du enpresaren kargu.

2019-ko ekainak 12

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren Nafarroako Lurralde Zuzendaritzak Fagor Ederlan enpresako langile-ohi baten lanbide gaixotasunaren prozesuan enpresariaren ardura dagoela aitortu du, segurtasun neurri faltagatik, eta horren arabera lanbide gaixotasunaren ondoriozko prestazioak %50ean handitu daitezela agindu, enpresaren kargu eta indarrean dirauten denboran zehar.

Langilea 35 urtez aritu zen Tafallako lan-zentruan, peritu kimiko lanpostuan eta 1977 eta 1992 artean amiantoarekin kontaktuan. Ebazpenak NOPLOI eta Gizarte Segurantzaren Laneko Ikuskatzailetzaren txostenak ditu oinarri, 2017an diagnostikatutako “biriketako ezkatadun minbiziak” lanpostuan amiantoarekin izandako esposizioarekin lotura zuzena daukala ebatzi, eta era berean segurtasun eta osasunaren inguruko hainbat arau-hauste egiaztatzeko, arriskuen ebaluazio eza tarteko. Horretagik aipatutako errekargoa ezartzen du, maila gorenean.

ELAk oso aintzat hartzen du ebazpen hau, sortutako kaltearen ordainaren lehen pausua baita. Halaber, ELAk Fagor Ederlan enpresari eskatzen dio uko egin diezaiola beharrezkoa ez den bide judiziala luzatzeari, biktima eta bere ingurukoen sufrimendua areagotu baizik ez baitu egiten.

Horrez gain, ELAk begi onez hartzen ditu Osasun Sailak arlo honetan emandako pausuak, aurrerantzean agente kantzerigenoekin ari diren langileen erregistro publikoa sortzeko erabakia kasu. Hala eta guztiz, ELAk lan osasunean bizirik dirauen kontzertazio sozialaren eredua behin betiko desegin dezan eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, baliabide horiek Administrazio publikora bideratu, eta horrela langile horien lanosteko osasun zaintza edota Nafarroan amiantoa kentzeko plana garatu ahal izan daitezen, adibidez.

Gehiago