Ezkerreko baloreetan sakontzeko beharra ikusi du Iruñerriko ezker abertzaleak
Iruñerriko Sortuk, LABek eta Ernaik bi egunez antolaturiko topaketetan ezkerreko baloreak zein parte hartzeko kultura indartzeko erronka hartu dute.
2015-ko urriak 5
Maiatzeko hauteskundeek “kurrikara politikoa” ekarri dute Iruñerria ezker abertzaleko antolakundeen esanetan eta aldaketa atzeraezina bihur dadin hausnarketa bateratua abiatu dute.
Topaketa hauetan zehaztu duten erronka nagusia ezkerreko baloreak indartzea izango da, bai barne mailako formakuntzari dagokionez zein kanpora begirako dinamika eta ekimenetan.
Parte hartzea eta elkarlana
Horrekin batera, parte hartzearen kultura hedatzeko apustua egin dute 3 antolakundeek. Jendartea aldatu dela onartu eta herritarrei parte hartzeko eredu eta eremu ezberdinak eskaini behar zaizkiela adierazi dute.
Kudeaketa instituzionalari dagokionez, Sortuk LABek eta Ernaik azaldu dute Iruñerriko udaletxe gehienetan aldaketa politikoa gauzatu dela ere, eta udal hauek hiritarren parte hartzeari ateak zabaltzea beharrezkoa ikusten dute, herritarrek auzo eta herrien kudeaketan aktiboki parte hartuz.
Azkenik, azken urteetan sektore ezberdinekin abiatutako elkarlanean sakontzeko erronka hartu du ezker abertzaleak, gazte dinamikak, eskubide sozialen zein erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokak nabarmenduz.