“Ez da aldaketa sozialik izango zerga sistema eta aurrekontu politika aldatzen ez bada”
Nafarroako Parlamentu Sozialak beste zerga politika bat aldarrikatu du behar sozialak asetzeko.
2016-ko azaroak 9
“Nafarroan jasaten ari garen krisia eta babes gabezia handia ez litzateke gaurko mailara iritsi izanen behar sozialak asetzeko adinako zerga eta aurrekontu politika izango bagenu”, salatu du Nafarroako Parlamentu Sozialak.
Nafarroako gaur egungo zerga sistemaren ezaugarri nagusiak laburbildu dituzte kritikatzeko diru-bilketa urria dela Nafarroako eta Europako Batasuneko batez besteko presioa fiskalean Barne Produktu Gordinaren 10 puntuko aldea dagoelako. “Nafarroan europar inguruko batez besteko presio fiskala berdinduz gero, 1.800 milioi euro gehiago bilduko litzateke”, esan dute. Bestetik, egitura fiskal injustua dela argudiatu dute. Diru-bilketaren erdia baino gehiago zeharkako zergetatik dator, alegia, ordaintzen dituenaren ahalmen ekonomikoa aintzat hartzen ez duten zergetatik. Eta gainerakoaren, zuzeneko zergetatik biltzen denaren, %70etik gora lan-errentetatik dator. Bukatzeko, iruzur fiskal handia dagoela salatu dute.
“Zerga-politika boterean dagoenaren borondatearen eta ideologiaren araberakoa da, eta Nafarroako zerga sistema elite ekonomikoen eta enpresen interesen alde egiteko eraikia” izan dela azpimarratu dute Parlamentu Sozialean biltzen diren elkarte zein eragileek.
“Beharrezkoa eta premiazkoa da zerga eta aurrekontu politika aldatzea”, aldarrikatu dute. “Ez da aldaketa sozialik izango zerga sistema eta aurrekontu politika aldatzen ez bada”.