Euskarazko haur eskolaren alde egin du %37,7k

Euskarazko eredua edo euskara eta ingelesa duenaren alde egin du %37,7k. Eskaintza eredu horietan %27 da.

2016-ko apirilak 19

Bi haur eskola gehiagok eskainiko du Iruñean euskarazko eredua. Hala, eskaintza %27koa da eredu horretan eta ez da nahikoa izanen eskariari aurre egiteko. Izan ere, gurasoen %37,7k egin du euskarazkoaren alde. Eredu eleanitzaren aldeko apustua egin dute guraso askok eta baita ingelesezko jarduerekin nahi dituztenak ere. Gaztelaniazko eredua eta gaztelaniazkoa ingelesarekin %61,5ek eskatu du. Haur eskolen artean hamabitik zortzik eskaintzen dute aukera hori.
Iruñeko Udalak egindako txostenaren datuak dira horiek. Haur Eskolen Erakunde Autonomoak egindako galdeketaren emaitzak dira. 0-3 urte arteko haurrak dituzten gurasoei egin zaie inkesta, izen-emate epean.
Familiek nahiago dute eredu eleanitza. Hala diote datuek: %47,8k, hau da, 851 familiek eman dute izena eredu horietakoren batean. %13,7k egin du gaztelaniazko ereduaren alde. %27,7k egin du euskarazko eredua eleanitzaren alde eta %10,1ek euskarazko eredua ingelesezko jarduerekin izateko aukeraren alde.
Auzoen artean, desberdintasunak
Alde Zaharrean bizi diren gurasoek Donibaneko haur eskola nahiago dute euren seme-alabendako. %11,5ek eman du izena Donibanekoan. Mendillorrin bestetik eskaera gutxien izan da. 0-3 urte arteko haur gutxiago dago auzoan eta eskaririk txikiena auzo horretan dago.
Eskaintza aurten, orekatuagoa
Hamabi dira haur eskola publikoak Iruñean. Heldu den ikasturterako bost ikastetxek eskainiko dute gaztelaniazko eredua: Arrotxapeak, Mendebaldeak, Mendillorrik, Haurtzarok eta Jose Maria Huartek. Hiru ikastetxek eginen dute gaztelaniazko ereduan ingelesezko jarduerekin: Hello Egunsenti, Hello Azpilagaña eta Hello Buztintxurik. Beste lau ikastetxetan euskarazko eredua izanen da: Goizeder, Izartegi, Printzearen Harresi eta Donibane. Horrez gain, Nafarroako Gobernuaren baitako beste bost ikastetxek gaztelaniazko eredua eskainiko dute: Nuestra Señora de los Angeles, Santa Teresa, San Jorge, Nuestra Señora de Roncesvalles eta Ninia Etxea.

Gehiago