Euskararen zonifikazioari amaiera emateko aldarrikapenak hitzordu historikoa izanen du urriaren 22an Tuteran
Hordago! herri ekimenak euskararen zonifikazioaren aurkako manifestazioa deitu du urriaren 22an Tuteran.
2022-ko ekainak 25
Urriaren 22an Tuteran euskararen alde, Nafarroako euskaldunen hizkuntz eskubideen alde eta nafarren hizkuntza Nafarroa osoan askatasunez bizitzeko aukerak trabatzen edo ezabatzen dituen zonifikazioaren aurkako manifestazioa eginen da.
Iazko azaroan aurkeztu zen Hordago! herri dinamika, Cortesen, eta adierazpen baten bitartez Erriberako herritar talde handi batek erran zuen bezala garaia “aurrerapausoak emateko edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, foru lurralde osoan euskara ezagutu edo ikasteko eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea eragozten duten oztopo guztiak kentzeko”.
Gaur, Tuteran elkartu diren Erriberako herritarrek bat egin dute Cortesko Adierazpenarekin eta dei egin diete “ez-euskaldun” izendatu duten eremuko herritarrei, eta bereziki Erriberako herritarrei, urriaren 22an Tuterara joateko “zonifikazioari hordago jotzera”. Esan dutenez, euskararen zonifikazioa “diskriminazio, desberdintasun eta desadostasun iturri baita nafarren artean. Hartara, zonifikazioaren kontra egitea justiziaren alde egitea da”.
Nafarroan inolako bereizkeriarik gabe bizi nahi dutela nabarmendu dute, baita arrazoi linguistikoengatik sorturiko diskriminaziorik gabe ere. “Denok berdinak izanen garen lurralde batean bizi nahi dugu; berdinak betebeharretan, berdinak eskubideetan; eta lurralde horretan eskubide berdinak izanen ditugu une orotan, Nafarroaren zein zatitan gauden kontuan hartu gabe. Herritarren kohesioa sustatuko duen lurra izanen da hori; herritarrak hizkuntzaren arabera mailakatuko ez dituena; hizkuntzen aniztasuna kontuan hartuko duena; eta aniztasun hori mehatxu gisa hartuko ez duena, aberastasun gisa baizik”.
Gaur egun Erriberan bizi diren euskaldunak D ereduan ikasi dute, edo euskaltegietan euskara ikasten ari dira, eta badira ere ikasteko asmoa duten euskaltzaleak, edo bertzerik gabe euskara euren nafar izatearen partetzat hartzen duten pertsona dira, eta urriaren 22an ozen aldarrikatuko dute “euskara Nafarroa osoko hizkuntza dela, Cortestik Berara, Vianatik Gardera”. Esan dutenez, ezin dute “Nafarroa euskararik gabe ulertu, ez eta euskara Nafarroarik gabe ere”.
Cortesko Adierazpenak egin zuen bezalaxe, Tuterako manifestazioak hordago joko dio euskararen zonifikazioari. “Bereizkeriarik, segregaziorik edo eskubideen urraketarik gabeko etorkizun baten alde; lurraldea eta gizartea euskararekin, edo bertze arrazoi batekin, zatikatuko ez duten etorkizun baten alde”. Ildo horretan, Nafarroako hizkuntza-banaketa gainditzea aurrerapen handia izanen dela azpimarratu dute, eta horrek suposatuko du urrats berri bat ematea “justizia sozialean eta gure lurraldearen batasunean eta kohesioan”.