“Euskararen gutxienekoak” dokumentala estreinatuko da gaur Iruñean
Kontseiluak ekoizturiko dokumentalean Dabid Anaut eta Joan Mari Torrealdai elkarrizketatu dituzte, eta gidoia Iñaki Lasak egin du. Lasarekin elkarrizketa egin du Ahotsa.info-k lan honen inguruan. Bihar proiektatuko da Golem zinema aretoan arratsaldeko 19etan.
2014-ko azaroak 17
"Euskararen gutxienekoak" dokumentala aurkeztuko duzue bihar. Zein da lan honen helburua?
Maiz hitz egiten da Euskal Herria eta Estatuen arteko gatazkaz. Horrelakoetan, konpondu beharreko gai andana etortzen zaigu burura, gatazka hori definitzen duten gaiak dira denak, dudarik gabe. Hala ere, egon badago gai bat behar den maiztasunez ageri ez dena edo gatazka horren ondorio gisa ikusten ez dena. Euskararen egoera eta bere normalizazioa da gai hori.
Aspaldion, gatazkari irtenbidea emateko egon diren saioetan Euskalgintzak Kontseiluaren eskutik parte hartu ahal izan du beste gizarte eragile askorekin batera horretarako prestatutako foroetan. Jakin badakigu, gure hizkuntzaren normalizazioa ez dela posible izango Estatuek gure-gurea den normalizazio prozesuan eskua hartzen segitzen badute. Erabateko askatasunez jorratu beharreko prozesua da, guri bakarrik dagokiguna. Horixe izan da Kontseiluaren motibazioa foro horietan parte hartu duenean, euskara normalizatzeko baldintza egokiak lortzen zirela bermatzea. Euskararen normalizazio prozesua ahalbidetuko duen egoera lortu nahi izan dugu bazterrean utzita mendeetako zapalkuntza.
Hala ere, zoritxarrez, kasu guztietan ikusi dugu gai hau negoziazioetan aritu diren aldeek ez dutela behar bezain ongi enfokatu. Ikusi ahal izan dugu edukiak argitaratu direnean inongo kasutan ez dela euskararen normalizazio prozesua erabateko askatasunez garatzea ahalbidetuko digun proposamenik egin. Ikusi dugu ez dela proposatu Estatuen esku hartzearekin erabat bukatzea bermatzen duen irtenbiderik eta horrek kezkatzen gaitu. Ez hainbeste agian, Estatuen jarrera, urteetan ederki ezagutarazi baitigute haien asmoa zein den gure hizkuntzarekiko eta haren komunitatearekiko baizik eta Euskal Herriaren izenean negoziatu dutenen epelkeria gai honi dagokionez. Barrutik ezin eragin, kanpotik eragitea deliberatu du Kontseiluak eta horixe da dokumentalaren helburua.
Argi era garbi utzi nahi dugu euskararen gaur egungo egoera mendeetan zehar Espainiako eta Frantziako estatuek aplikatu duten hizkuntza-politika zitalaren eta basatiaren ondorio zuzena dela eta euskara erabat normalizatzeko askatasuna behar dugula, estatuen esku hartzerik gabeko egoera, alegia.
Zeintzuk dira Euskararen gutxienekoak? Gutxieneko hauekin euskararen biziraupena ziurtatuko zen?
Euskarari estatus berri bat esleitu behar zaio. Hor laburbiltzen da gutxieneko hori. Euskara ofiziala behar dugu bere lurralde osoan normalizazio prozesuari berme juridikoa eskaintzeko. Lehentasunezkoa behar du izan, egoera gutxiagotuan dagoelako eta bide bakarra delako normalizatu ahal izateko, menpekoa izaten segitzen badu ez dago aukerarik helburura iristeko. Euskara berezkoa dela onartu behar da, gure hizkuntza, Euskal Herrian bizi den komunitatearena eta ondorioz eskubidea dugu gure harreman sozialetan ohiko eta lehentasunezko hizkuntza izan dadin eta azkenik, ezagutu beharrekoa izan behar du euskarak. Bertan bizi diren herritar guztiek ezagutu behar dute gure hizkuntza. Gutxieneko horiek osatu behar dute normalizaziora eramango gaituen arkitektura juridikoaren oinarria.
Behin hori lortuta, kanpo esku hartzeari bukaera emanda. Gure esku egongo da euskararen etorkizuna, orduan hasiko da izaten euskaldunon afera eta orduan euskararen geroa guk geuk egingo dugunaren baitan egongo da.
Gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoera politikoak zer ikusia izan du Euskararen gutxieneko hauek planteatzeko orduan?
Euskal Herriak gau egun ezin du erabaki ezer Estatuen oniritzia ez duena. Nazio okupatuen gisan hemendik kanpoek erabakitzen dute zer den ona edo txarra guretzat. Kanpoko horiek erabakitzen dute noraino irits gaitezkeen eta noraino ez. Ez gara libreak. Ederki arduratzen da Urkixo jauna errealitate hori ahaztu ez dezagun. LOMCE legea ere beste esku hartze nabarmen bat da gure etorkizuna erabat hipotekatzen duena ezin izango baitugu hainbat erabaki hartu lege hori indarrean dagoen bitartean. Adibidez, ikasle euskaldun eleanitzak berma dezakeen irakasteredu bakarra ezin izango dugu unibertsalizatu. Oso agerikoa da Estatuek areagotu dutela haien politika zentralista eta horren ondorioz bertan erabakitzeko gaitasuna ukatu egiten zaigu.
Era berean, ustezko bake prozesu bat dago indarrean. Gaur da eguna non hainbat aldiz eskatuta ere Kontseiluak ezin izan du bildu Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin. Nonbait euskaldunok gaur egun ere Estatuen aldetik pairatu behar ditugun mota guztietako bidegabekeriak ez dira garrantzi handikoak haientzat. Hala ere, ez dago konponbiderik Estatuen esku hartzeak segitzen badu, jakin beharko lukete.
Zer lan mota egingo duzue gutxieneko hauek lortzeko?
Lehenengo eta behin, guk gaia nola ikusten dugun azaldu nahi dugu. Argi eta garbi azpimarratu nahi dugu non dagoen irtenbidea eta hori herritarrekin konpartitu nahi dugu. Hortik hasi behar dela uste dugu. Helburu horrekin dokumentalaren laguntzaz ziklo bat ireki dugu Euskal Herriko hiriburuak bisitatuko dituena. Ondoren interesa duten herrietara eramango dugu eta gerokoak aurrerago zehaztuko ditugu.