“Euskararen Errepublika” eraikitze bidean hizkuntz eskubideak errespetatzea eskatu du EHEk Durangon abenduaren 7an

"Hizkuntza-larrialdiaren aurrean" abenduaren 7an euskaltzaleak Durangon mobilizatzeko deia egiten du Euskal Herrian Euskaraz ekimenak.

2024-ko urriak 10

“Euskararen Errepublika eraikitzeko premia inoiz baino agerikoagoa” dela ulertuta, manifestazio nazionala deitu du EHEk. “Euskarak, euskaldunok, urteak daramatzagu ez atzera, ez aurrera. Euskal Herri euskalduna dugu helmuga, gure hizkuntzarentzako, eta beraz, gure komunitatearentzako osasun beteko egoera. Baina, handik urrun gaude, oso urrun oraindik. Jada ez da ikuspegi kontua, sendo frogatuta dago eta kontzientzia hartu behar dugu: gure hizkuntza larrialdi egoeran dago”.

EHEren ustez, azkenaldian areagotu dira euskararen aurkako indarrak eta “oldarraldi bat” bizi da Euskal Herrian “epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik, zein hainbat sindikatu eta alderdiren diskurtsoetatik datorkiguna”. Hau guztia, gainera, gertatzen da “gero eta mundu globalizatuago eta atomizatuago” batean bizi garenean, non herriak eta komunitateak desegiten direnez.

“Bizi dugun oldarraldi hau ez da fenomeno isolatu bat. Munduan zehar indartzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren baitan kokatu beharra dago. Logika berberaren baitan altxatzen dituzte olatu atzerakoiak: langileon bizi baldintzak kaxkartu, emakumeon eskubideak murriztu, sexu disidentziak zigortu, etorkinekiko gorrotoa hauspotu, interes elitisten mesedetarako herriak zatitu eta suntsitu…”, iritzi dio EHEk.

Horregatik diote faxismoari aurre egin behar zaiola baita “euskaratik eta euskalgintzatik ere”.

Euskararen Errepublika eraikitzea

EHEk Euskal Herri euskalduna lortzeko egiten duen proposamena da independentzia lortzea euskara ardatz izanda, hau da, Euskararen Errepublika eraikitzea.

“Ez dugu dagoenarekin konformatu nahi, ez dugu anestesia edo lasaigarririk behar, herri euskaldun eta burujabe bat nahi dugu. Aske zentzu guztietan. Eta horregatik, bide hori egin nahi duten mugimendu eta borroka guzti horiekin batera eraikiko dugu burujabetza. Ez gara zerotik hasten, asko da jada egin dena, beraz, gauden tokitik abiatuta eta aurrekoek egindako bidetik ikasiz, egin dezagun burujabetzarako bide hori, egunerokoan, intsumisiotik eta antolatuta. Euskal Herria izan dadin mundu ilun honetan itxaropen-argi, askapenerako bidean inspirazio-iturri”.

Abenduaren 7an, euskaltzale guztiei Durangon bat egiteko deia egin die EHEk. Manifestazio nazionala eginen da, arratsaldeko seietan Landako Gunetik hasita.

Gehiago