Euskararen erabilera sozialean eragiteko beharra azpimarratu du Taupak
Taupa euskaltzaleen mugimenduak ekintza komunikatiboa burutu du Euskal Herriko lau hiriburutan. Euskararen erabilera sozialean eragiteko beharra azpimarratu du eta herritarrak Taupan saretzeko deia egin du.
2025-ko apirilak 10

Ekintza Gasteizko “Ibiltaria” eskulturaren aurrean hasi da, eta Iruñea eta Miarritze zeharkatu ondoren, Bilboko Guggenheim Museoko “Puppy” eskulturaren aurrean amaitu da. Inguruetan zeuden herritar ugarien harridurarako, gorriz jantzitako aktibistek heliozko globoak puztu eta euskararen erabilerari buruzko kontzientzia zabaltzeko mezuekin hiriburuetako toki enblematikoenak jantzi dituzte.
Gasteizen “Euskararen bidean bakarrik utziko nauzue?” mezua zabaldu da.Iruñean, berriz, Nafarroako Museoaren aurrean, “Hemen gordetzen da euskara, ez erabili!” aldarrikatu da, jarrera pasiboak salatzeko tonu ironikoan. Ondoren, Miarritzen “Euskara: gutiago maita, gehiago obra!” leloak erabileraren aktibazioa azpimarratu du. Bukatzeko, Bilbon “Txakurrari euskaraz eta lagunari ez?” pankartarekin, hurbilekoen arteko hizkuntza-ohituretan eragiteko beharra azpimarratu da.
Taupa mugimenduko kideek adierazi dute ekintza honekin “euskararen erabilera erdigunean” jarri nahi izan dutela, eta “hau ez doa ongi” salatu dute. Martxoaren 28an, Euskalgintzaren Kontseiluaren baitan, euskararen egoeraren larritasunaz adierazpen bateratua plazaratu zen eta euskarari arnas berria eman beharra azpimarratu zen. “Gaur, Taupak azpimarratu du urteak daramatzagula geldialdi egoeran, datu soziolinguistikoen argitan: ez aurrera ez atzera. Hainbat eremutan galera prozesuak indarrean jarraitzen dutela eta lurralde eta eremu askotan, euskaldunok ez daukagula euskaraz bizitzeko baldintza duinik bermatuta oraindik.”
Hizkuntza minorizatu batean bizitzea gero eta zailagoa egiten zaiela euskaldunei baieztatu dute. “Baina era berean, inoizko baldintzarik onenak ditugu, eta aurrera egiten ez duenak, atzera egiten duenez, bertan goxo gelditzerik ez daukagu”.
“Egindakoa asko da, baina ez da nahikoa.” Testuinguru aldakor honetan, ezinbestekoa da antolatzeko moduak berrasmatzea: “Gaur egungo gizarte likidoan, egiturak desegiten ari dira eta indibidualizazioa nagusitzen da. Horrek zaildu egiten du elkarrekin antolatzea eta eragitea.” Horregatik, Taupa mugimenduarentzat ezinbestekoa da “komunitatea berreskuratzea, saretzea eta herri proiektu ilusionagarri batean elkarrekin aktibatu eta eragitea”.
“Badakigu euskaraz bizi nahi izateak korrontearen kontra aritzea dakarrela, eta hizkuntza erabiltzeko baldintzak ez direla egokiak. Baina aukerak badaude, eta horiek baliatzen asmatu behar dugu. Oztopoak oztopo, euskarazko territorio libreak eraikitzea da proposamena.”
Tauparen mezua garbia da: “Euskaraz mintzatzeko ez diogu inori baimenik eskatu behar. Hiztun moduan ahalduntzea gure erabakia da, eta Taupan saretuta, elkarrekin, bide hori errazagoa izango da.”
Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak bide hau euskaldun guztien artea egitea proposatzen du: “tokian tokiko eta nazio mailako ekimenen bidez, euskaraz bizitzea errazagoa eta erosoagoa izateko baldintzak guztion artean eraikitzea”.