#EuskaraCercaHurbil Iruñeko haur eskoletan matrikulazio kanpainia abian

"Aspaldiko partez", berri pozgarri batengatik prentsaurreko batera deitu du Iruñeko Euskalgintzak. "Gaurkoaz, pozez aurkezten gara zuen aurrean. Izan ere, Iruñean beste bi haur eskoletan behingoz euskaraz ikasteko aukera egonen da". Beste ekimemen artean, kanpainiaren spota aurkeztu dute.

2016-ko otsailak 23

Ikusiko duzuenez, spotak bi iruindar A edo B artean hautatzeko egoeren aurrean jartzen ditu. Aukera zailak, A eta B ezin baitute hautatu. Bata edo bestea behardu izan ezin bestean. Oso egoera iruindarrak dira pantailaratu dituztenak eta oso modu komikoan agertu nahi izan dituzte, “ridikulua izan baita orain arte gurasoei eginarazi zaien hautua”: euskaraz EDO hurbil. “Bada, pozez, honakoa esan nahi diegu gurasoei: aizue, Iruñean, erabaki garrantzitsu honetan dagoeneko ez duzu hautatu beharrik. Euskaraz ETA hurbil posible da: Txantreako Izartegin, Arrotxapeako Goiz Ederren, Donibanen eta Arrosadiako Printzearen Harresin”.

Bestalde, martxoaren 7tik 18ra Erraldoien txokoan beraien txikiak lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoak informatzeko hamarnaka bolondres egonen da atarian. Bertan, informazioa ematearekin batera, txapa batzuk banatuko dituzte, kanpainiaren irudiarekin. Bide batez, bolondres lanetan aritu nahi dutenei Iruñeko Euskalgintzarekin harremanetan jartzera animatzen ditu, irunekoeuskalgintza@gmail.com helbidera mezua bidaliz. 

“Egun horietan guztietan zehar, bolondresekin batera egunero bi orduz iruindarrontzat ezagunak eta gertuak zaizkigun lagunak izanen ditugu gurasoengana gerturatuz eta informazioa eskainiz: Julian Iantzi, Leire Ruiz, Motxila 21, Donibaneko Ahari, Oier Sanjurjo, Zaldi Eroa, La Chula Potra… eta beste lagun batzuk bertan izanen dira”. 

Ekimenak Donibanen eta Arrosadian

Jende pilaren laguntzat ari dira hau guztia aurrera ateratzen, pozez eta ilusioz bizitzen ari baitira aldaketa hau. Horren adierazle dira, esate baterako, ostiral honetan, otsailak 26an bai Donibanen eta baita Arrosadian ere antolatu diren ekimenak. 

–    Donibanen, 17:00etatik hasita Azuelo plazan zezen gurpildunak, haurrendako jolasak, aurpegi margoketa, zanpantzarrak, txokolate jana, merendua eta beste antolatu dituzte euskarazko eskaintzari auzoan harrera polita egin nahian eta 17:30ean argazki mundiala aterako dute.

–    Arrosadian, kalejira deitu dute Hegoalde Ikastolatik abiatuta eta Printzearen Harresi haur eskolan amaituz, auzoan berri ona hedatu asmoz.

Amaitzeko, eta jendeari parte hartzeko aukera eskaini nahian, #EuskaraCercaHurbil esperientziak sare sozialetan konpartitzera gonbidatzen dituzte iruindarrak: nola bizi duten aldaketa hau, nola bizi izan dituzte euskara urrun izan duten garai… “Bideoak, mikroipuinak, argazkiak… nahi bezala partekatu ezazue zuen esperientzia!!!”

Gehiago