Euskara ezin dela atzerriko hizkuntzen azpitik baloratu ebatzi du Nafarroako Auzitegiak
Ingelesaren, alemanaren edota frantsesaren ezagutza euskararenaren gainetik baloratzen zituen nafar Gobernuak. ELA eta Steilas sindikatuen errekurtso baten ondorioz, aukera hori deuseztatu du Nafarroako Auzitegiak.
2025-ko urriak 10
Iturria: Euskalerria Irratia
Nafarroako Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo ditu Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak eskuratu eta betetzeko merezimenduen balorazioa arautzen dituen 97/2024 Foru Dekretuaren bi artikulu, euskararen balorazioari muga jartzen ziotelako, ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren balorazioari inolako mugarik jartzen ez zitzaien bitartean.
Zehazki, Dekretuaren 4.1 eta 4.2 artikuluak dira Auzitegiak baliogabetu dituenak, Osasunbideko oposizio-lehiaketa eta lekualdatze-lehiaketen merezimenduak arautzen zituztenak. Artikulu batean zein bestean, euskara jakiteagatik aitortzen zen balorazioari muga batzuk jartzen zitzaizkion. Aldiz, atzerriko hiru hizkuntzen balorazioa mugagabea zen artikulu horietan. Hau da, ingelesa, frantsesa eta alemana euskararen gainetik puntuatzeko aukera ematen zuen Dekretuak, baita euskara ofiziala den eremuetan ere.
Nafarroako Auzitegi Nagusiaren sententziak, ELA eta Steilas sindikatuen arabera, “erakusten du merezimenduen Foru Dekretua guztiz murriztailea dela eta euskera gutxiesten duela”. Gaitzetsi dutenez, “PSNk euskararen aurkako jarrera inposatzen du nahiz eta hamaika parlamentari besterik ez izan”. Hori dela eta, “bestelako hizkuntz politika baten alde egiteko” eskaera luzatu diete nafar Gobernuko kide diren Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeei, baita Gobernua babesten duen EH Bilduri ere, “euskara lurralde osoan eta lanpostu guztietan, gutxienez, merezimendutzat hartua izan dadin”.
