Euskara ardatz hartuko duen etorkizun berdinzalearen alde, ‘Geroa euskaratik’ kanpaina jarri du martxan Kontseiluak

Gizarte berdinzale eta demokratikoagoa eraikitzeko, euskarak ere erdigunean egon behar duela eskatuko du Kontseiluaren ‘Geroa euskaratik’ kanpainak. Euskalgintzako hainbat kidek hartuko dute parte, eta eragileek nahiz bestelako herritarrek mezuarekin bat egiteko aukera izango dute

2020-ko maiatzak 26

Kontseiluak kanpaina hau martxan jarri du Covid-19ak sortutako krisiak agerian utzi dituelako “hizkuntza eskubideen etengabeko urraketak”. Eta “normalitate berri baterantz” jotzeko abagunea dagoen honetan hizkuntza auzie dagokionez “elkartasunetik eta gizarteko talde desberdinen begirunetik” jokatzeko proposatzen dute.

Egoera horri erantzuteko, Kontseiluak martxan jarri du ‘Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz’ kanpaina . Euskararen normalizazioak bestelako gizarte normalizazio bat bultzatu dezakeela ziur baita Kontseilua: eskubide guztiekiko begirunea , gizarte kohesioa , gertutasuna eta konpromiso kolektiboa oinarri duena. Hau da, euskara ardatz duen gizarte bat “gizarte berdinzale eta demokratikoago bat” izango dela adierazteko.

Era berean, herritar nahiz bestelako eragileei ere dei egiten die Kontseiluak kanpaina honetan parte hartu dezaten. Norbere esparru eta esperientziatik, geroa euskaratik zergatik eraiki behar den azaltzeko aukera eskainiko die.

Bost argudio geroa euskaratik eraikitzeko
Euskarak herritarrak “elkartzen eta saretzen ditu”, dio Kontseiluak. Euskalduna nola, euskara gutxituta dauden talde eta herritarrekiko begirunea lantzeko tresna dela pentsatzen dute. Eta begirunea landuz, elkar errespetatzeko eta zaintzeko bidea irekitzen dela iritzi dute, “gertutasunetik eta elkartasunetik”. Horregatik, “herritarren eskubide guztiak bermatzeko oinarria da euskara”, esaten du Kontzeiluak. Eta ondorioz, “gizarte berdinzale eta demokratiko baterako zutarria” dela azpimarratzen du.

“Zergatik geroa euskaratik?”
Herritarren eta eragileen ahotsa entzun nahi ditu Kontseiluak. “Denoi leku egin nahi die kanpainak, eta herritar, eragile nahiz bestelako norbanako zein taldeei galdera honi erantzuteko gonbita luzatu nahi die: Zergatik geroa euskaratik?”.
Kontseiluko bazkideak izango dira galderari erantzuten lehenak. Bideo laburrak osatu dituzte horretarako, eta sarean tantaka plazaratuko dira. Bazkideen artean daude Elhuyar, Topagunea, EHE, Ikastolen Elkartea, Sortzen, EHIGE, UEU, Bertsozale elkartea, Emun, Elkar, Jakin, Osasungintza Euskalduntzeko Erakundea, AEK, IKA, Berria… Era berean, gizarteko aurpegi ezagunek ere parte hartuko dute kanpainan, esparru anitzekoak. Horiek ere tartekatuz plazaratuko ditu Kontseiluak egunez egun sarean.
Honekin batera, herritarrek eta bestelako erakundeek -euskalgintzakoak nahiz bestelakoek- beste hainbeste egin dezaten nahi du Kontseiluak. Hau da, Zergatik geroa euskaratik? galderari erantzun eta bideo bidez nahiz idatziz sare sozialetan partekatzeko gonbita luzatu nahi die Kontseiluak. Mezu horietan #geroaeuskaratik traola agertzea edota Kontseilua etiketatzea proposatzen dute.
Azkenik, Euskara ere normalitaterantz? mahai-ingurua antolatuko dute Berriak, Martin Ugalde Foroak eta Kontseiluak datorren ekainaren 4an, Martin Ugalde Kultur Foroan.

Gehiago