Euskaltzale andana batu ziren Baionako Euskaraz Bizi Egunean

Zazpigarrenez ekin dio aurten EHEk Euskaraz Bizi Egunari. Egutegian gaurko eguna markatuta zuen horretarako, eta mapan, aldiz, Baiona. Apirilaren 16ak eguraldi petral samarrarekin argitu duen arren mordoa dira gaurko hitzordura batu diren eta batzen ari diren eta ziur gero ere batuko diren euskaltzaleak. Ehunka lagun bildu dituen bazkari herrikoiaren ostean hasiko da kalejira aldarrikatzailea. Ondoko bertso-poteoaren ostean, aldiz, Sorkun, Torii eta DJ Jotatxoren musika emanaldia.

2016-ko apirilak 17

Goizeko 11:00ak jotzean abiatu da Euskaraz Bizi Eguna, Baionako Xaho kaiaren bueltan. Porrotx pailazoak eman dio hasiera egunari beste behin ere, txikienen irudimenari irriak eta hegalak txertatzen zizkien bitartean. Tailerrak eta puzgarriak izan dira txikien hurrengo jomuga. Nagusiek joaldunekin, artisauen azokarekin eta kale animazioarekin segitu dute jaia eta aldarrikapena elkartzen dituen festa.

Azken bi ikasturteotan hausnarketa prozesuan sakon murgilduta dagoen eragile euskaltzaleak egitarau xumea zuen prest gaurko, baina horrek ez ditu euskaltzaleak etxean gotortu. Bazkalordurako ehunka lagun batu dira Xaho kaian kokatu karpa handian, eta aurreikuspen guztiak gainditu direnez bakan batzuek ezin izan dute sabela nahi adina bete. Erramun Martikorenaren kantaldia izan da bazkalostean giro goxo mantendu izanaren arduradun nagusietako bat, egitarau xumeak ere ekitaldi handi eta gozagarri bihurtzen dituen euskaltzaleen berezko grinarekin batera.

17:30ean hasi da, aldarrikapenaren tartea zabaldu duen kalejira aldarrikatzailea. Bukaeran duzue ekimena amaitzean irakurri den mezua. Ehunka euskaltzalek erantzun diote mobilizazio deialdiari eta euskararen ofizialtasunaren aldeko deiadarrak oihartzun sendoa izan du Baionako karriketan. Aldarrikapen ozenak Xumai Murua eta Ortzi Idoate bertsolarien sormenari eman dio bidea, eta bertso-poteo jendetsua egin dute Baiona Ttipiko kaleetan zehar.

Egunari txapela jartzeko, Sorkun, Torii eta DJ Jotatxoren musika emanaldiak izan ziren.

Gehiago