#EuskalJai20: Euskal Jairen okupazioaren 20. urteurrena ospatzeko ekimen ugari antolatu dituzte

20 urte pasa dira Iruñeko gazteek Euskal Jai frontoi modernista okupatu zutenetik, urteetan herrialdeko gazte boterearen eta autogestioaren erreferentzia nagusi bilakatu zena. Maiatzaren 7tik 10era ekimen ugari antolatu dituzte eta maiatzaren 10ean desobedientzia jaialdi herrikoia izanen da Alde Zaharrean.

2014-ko apirilak 24

Denbora luze igaro da 1994ko maiatzean ehunka gaztek Euskal Jai frontoia okupatu zutenetik baina inork gutxik ahaztu ahal izan du Euskal Jai Gaztetxea izandakoa. Eta urtemuga garrantzitsu honek memoria historikoa astindu eta Euskal Jai Gaztetxea berpiztuko du hainbat ekimen eta ospakizunen bitartez.

Azken hilabeteotan Euskal jai Gaztetxetik pasatako belaunaldi ezberdinetako kideak elkartuz joan dira beraien hitzetan "Euskal Jaik merezi duen ospakizun eguna antolatzeko" eta hiritar orori bertan parte hartzeko deia luzatu diete.

Desobedientzia
Euskal jai Gaztetxea kontrabotere herritarraren ikur eta praktika eremu handia izan zen. Urtemugaren antolatzaileek azaldu dute desobedientziaz gaztetxea okupatu zutela, desobedientziaz adin guztietako hiritarrentzako hamaika ekimen antolatu zituztela, eta urteurren jaialdia ere desobedientziaz ospatzera doazela.

"Bere garaian UPNk ez zien iruindarrei baimenik eskatu Gaztelu Plazako zuhaitzak moztu eta plaza bera suntsitzeko, Barcinak eta bere kideek ez diote jendarteari baimenik eskatu guztion dirua lapurtzeko, eta Polok berak ez die hiritarrei baimenik eskatu kotxe ofiziala erabiliz mozkor gidatzeko. Guk ere ez diegu baimenik eskatuko Euskal Jairen okupazioaren urtemuga ospatzeko, kalea guztiona delako eta gure eskubidea baita!"

Ospakizun ekimen ugari
Urteurren ospakizunei hasiera emateko maiatzaren 7an belaunaldi ezberdinak bilduko dituen kafe-tertulia prestatu dute. Mintzaldiaren giltzarria guztien artean galdera honi erantzutea izanen da: "zer izan zen Euskal Jai zuretzako?". Maiatzaren 8an, aldiz, gaztetxeak bizitako 10 urteetako irudiak proiektatuko dituzte Zabaldiko "Zine txiroa" zikloaren baitan.

Azkenik, maiatzaren 10ean urteurren festa nagusia izango da. Goizean goizetik eta gauera arte Alde Zaharreko kaleetan hamaika jarduera burutuko dituzte, hiritarren topaleku izan nahi duten antzerki, herri bazkari, kalejira, txokolatada eta kontzertuen bitartez.

Gehiago