Euskalgintzak euskarazko haur eskolen eskaintza handitzeko beharra nabarmendu du
Nafarroako Gobernuak Iruñean dituen 5 haur eskoletatik bakar bat ere ez dela euskalduna nabarmendu dute. Horrekin batera, haurrak euskaraz matrikulatzearen aldeko #EuskaraCercaHurbil kanpaina finantzatzeko laguntza eskatu dute.
2016-ko apirilak 21
Euskalgintzak adierazi du albiste ona dela Iruñeko Udalak euskarazko haur eskolen plaza kopurua handitu izana eta “hizkuntza-eskubideen urraketa eteteko lehen urrats gisa” ulertzen duela nabarmendu du.
Izan ere, eskaintza zabaldu arren (%27) inkestek erakutsitako eskaeratik (%37,7) urrun dagoela nabarmendu dute eta urte honetan zehar Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari norabide honetan sakontzea eskatu diete.
“Aintzat hartzekoa da, Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak diren 5 haur eskoletatik bakar batean ere ez dela euskara eskaintzen eta urgentziaz aldatu beharreko egoera da hau”.
Laguntza deia
Bestalde, euskalgintzak aurten abiatutako #euskaracercahurbil kanpaina laguntzeko deia luzatu dute. “Datozen urteetan ildo honetan lan egiten jarraitu nahi dugu eta herritarren hauspoa beharrezko izanen dugu”.
Horri begira, gastuei aurre egin ahal izateko kontu korronte zenbaki bat ireki dute (Euskadiko Kutxa 3035 0058 35 0580094044) eta AEK zein IKAren Iruñeko euskaltegietan, Karrikiri elkartean eta ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetan zuzenean ekarpena egiteko aukera emango dute.