Euskal presoen senideek egiten dituzten kilometroak modu solidarioan erosteko “elkarfunding” bat jarri dute martxan
Presoen eta haien senideen lagunek "Gasolinarako dirua behar dugu" dinamikaren bigarren zatia aurkeztu dute. Crowdfunding bat jarri dute martxan urtean egin behar dituzten 14.617.304 kilometroetako batzuk modu solidarioan erosteko. Osotara
2020-ko irailak 30
Elkarfunding bat aurkezten du Etxerat elkarteak jendaurrean euskal presoen senideek bisitak egin ahal izateko urtean egin behar dituzten 14.617.304 kilometroetako batzuk modu solidarioan erosteko.
Joan den ekainean “Gasolinarako dirua behar dugu” dinamika aktibatu zuten, eta horren bidez ohartarazi nahi izan zuten Covid-19ak egoera arriskutsuenetan dauden pertsonak (besteak beste, presoak eta haien senideak eta gertukoak) gehiegi kolpatzen dituela eta zama gehigarri handia suposatzen duela presoen senideentzat urrunketa jasaten jarraitzen dutelako, eta, batez ere, senideei ekonomikoki laguntzea proposatu zuten, neurri batean, egoera hau arintzen saiatzeko.”Udan jasotako elkartasuna eskertu besterik ezin dugu egin, jende askok parte hartu du herrietako ekimenetan eta banakako dohaintzak egin dira. Orain pauso berri hau emango dugu”, adierazi dute.
Hiru aukera proposatzen dituzte elkarfunding honetan parte hartzeko.
1. 130 kilometroko erosketa, 10 euroko dohaintzaren bidez (poltsa bat opari)
2. 190 kilometroko erosketa, 15 euroko dohaintzaren bidez (kamiseta bat opari)
3. 260 kilometroko erosketa, 20 euroko dohaintzaren bidez (poltsa + kamiseta + giltzatako-zintzilikaria opari).
Gaurtik aurrera, Euskal Herriko hainbat herri eta auzoetan, nahi duenak parte hartu ahal izango du kilometroak erosiz. “Trukean, albaran bat emango zaizue eta, laster, zuen ekarpenari dagokion materiala jasoko duzue”, adierazi dute Etxerat elkarteko bozeramaileek.
Gainera, Depositoakbete.eus webgunean, on-line material hainbat material solidario dago eta horiek ere eskura daitezke.