Euskal preso politikoen egoerak okerrera egiten jarraitzen duela azaldu du Etxeratek
Etxeratek 2014. urteko lehen sei hilabeteetan espetxeetan eta espetxetik kanpo emandako gertaera nagusien balantzea argitaratu du eta espetxeetako bizi baldintzen gogortzea nabarmendu du.
2014-ko uztailak 31
Etxerat elkarteak presoen zenbakiaren gutxitzea positibotzat hartu duen arren, presoak geroz eta urrutiago daudela ezkortasunez azpimarratu du bere balantzean; elkartearen hitzetan "presoek pairatzen duten krudelkeriaren adibide".
Datuei erreparatuz, gaur egun 472 euskal preso politiko osatzen dute euskal preso politikoen kolektiboa, eta 76 espetxetan sakabanatuta dago. Etxeratek azaldu du urteko lehen sei hilabete hauetan ez dela inongo Euskal Herriratzerik izan, eta une honetan Euskal Herriko espetxeetan "bakarrik" 5 preso aurkitzen direla.
Dispertsioa, isolamendua, istripuak
Etxeratek adierazi du dispertsioa islomenduaren eta istripuen sinonimo dela eta hainbat datu plazaratu ditu horixe argudiatzeko. Dispertsioak dituen 25 urteotan 16 hildako eragin ditu sakabanaketak. Aurten, jada, 8 kotxe istripu izan dira; hau da, 25 egunetik behinistripu bat eragin du dispertsioak.
Bestalde, 13 euskal preso isolamendu egoeran daudela jakinarazi du elkarteak, eta horrekin batera, 6 hilabete hauetan 64 espetxe aldaketa izan direla nabarmendu du ere.
Alarma gorria
Larriki gaixo dauden presoei dagokienez Etxeratek osasun eskubidea etengabe urratua dela azpimarratu du, eta egoera hain larria izanik, Etxeratek, maiatzean, alarma gorria pizteko erabakia hartu zuela gogora ekarri du.
Praktika honen atzean "mina eta samina luzatzeko erabaki politikoa" dagoela irmoki salatu du elkarteak.
Iheslariak
Azkenik, sei hilabeteko honen "albisterik onena iheslariek emandako aurrerapauso irmoa" dela adierazi du, "urteetako ihesaren ostean eta aurreko urteko ekainean egindako adierazpenari jarraiki, batzuk, etxera bueltatzen hasi direlako".
Kasu honetan, elkarteak iheslariekin "zenbait osasun eta administrazio neurri hartzea" urjentzizikoa ikusten du.