Euskal musikagintzak babesa eta elkartasuna kantuz adierazi dio Kataluniako herriari

Zeresan eta ikusmira handia sortzen ari da azken boladan Katalunian gertatzen ari dena. «Prozesu katalanaren» alde zein kontra egon, ukaezina da begi guztiak hara begira daudela. Euskal Herritik, ordea, begiak ez ezik ahotsak ere Kataluniara bideratu gura izan ditu euskal musikagintzaren esparruko hainbat herritarrek, eurek hoberen dakiten moduan: kantuz eta doinuz.

2017-ko irailak 22

Lluís Llach kantari katalan ezagunak L’Estaca abestia sortu zuen 1968an eta geroztik Herrialde Katalanetako kantu-sinboliko bilakatu da. Kantuaren euskarazko bertsioa berriz, Tarragonan jaiotako Gorka Knörr euskal kantari eta politikariak egin zuen 1976an, Xabier Leteren itzulpena hartu eta Agure Zaharra kantua kaleratu zuenean.

Ordea, Euskal Herriko hamaika musikari, bertsolari eta kantari ekimen propioz elkartu dira, hizkuntza biak uztartu eta aipatutako kantuaren bertsio elebiduna egiteko. Modu honetan, Durangoko Landako gunean grabatu duten bideoklipean, Euskal Herriko esparru kultural honetatik ere herri katalanari babes eta elkartasun keinua egin gura izan zaio.

Abesti eta bideokliparen helburua horixe baino ez da: «Kataluniako herriari eta abian jarri duten prozesuari gure elkartasun eta babesa adieraztea», azpimarratu dute ekimeneko sortzaileek. Helburu hori lortzeko, Gure Esku Dago ekimenarekin elkarlanean ari da musikagintzako herritar talde hau, «Euskal Herri osora zabaltzeaz gain, Kataluniara ere gure ahotsak iritsi daitezen».

Gehiago