Euskal jai “erraldoia” ospatuko da Tafallan maiatzaren 25an Nafarroako erdialdean euskararen alde egiten den lana goraipatzeko

Erdialdeko Euskal Jaia datorren maiatzaren 25ean ospatuko da Tafallan egun osoko eta adin guztietarako egitarauarekin, euskarak eta bere kulturak Erriberriko merindadean daukan errotzea erakusteko helburuarekin.

2024-ko martxoak 12

Jai erraldoi bat izatea espero dutela aitortu dute antolatzaileek. Eguna desfile batekin hasiko da, eta ez dira faltako
bazkari herrikoi handi bat, txikientzako jolasak, dantzaldiak, errondak edo kontzertuak.
Egitarau osoa, ordea, aurrerago aurkeztuko dute. Bestalde, txapelak, alkandorak eta
gonak armairutik ateratzera animatzen dituzte herritarrak, jendea baserritarrez jantzita kaleak
hartzen ikusi nahi dutelako. Horretarako, zapi gorri berezi bat diseinatu da,
bazkariaren bonoekin batera herri guztietan salduko dena.

Ekimen hau Altaffaylla Kultur Fundazioaren eta Agerraldia elkartearen eskutik sortu da,
baina inguruko hainbat herritan euskara eta euskal kultura sustatzen duten talde edo
pertsonen laguntzarekin ateratzen ari da aurrera. Aurkezpenean Artaxoa, Beire,
Larraga, Mendigorria, Kaparrotsu, Faltzes, Baldorba edo Miranda de Argako
ordezkariak izan dira, besteak beste. Tafallako hainbat kultur talde ere bertaratu dira,
hala nola txistulariak, zanpantzarrak, Tafalla Kantuz eta Asier Marco Erraldoien
Konpartsa.

“Jai honekin, euskara eta bere kultura Euskal Herriko gainerako lurraldetakoak bezain
gureak direla erakutsi nahi dugu. Gure identitatearen distira eta edertasuna islatu nahi
dugu egun alai eta ikusgarri baten bidez: dantzak, bertsoa, jota, gastronomia, kantuak,
janzkerak… Asko dugu harrotasunez erakusteko”, adierazi dute aurkezpenean.

Hizkuntzari dagokionez, “715. urtean arabiarrek idatzita utzi zuten nafar erdialdean
kokatzen zen Bashkuniseko biztanle gehienek euskara hitz egiten zutela, eta horrek
ulertezinak egiten zituela”. Mendeetako azpiratzea eta higadura gorabehera, gaur egun euskara
berreskuratzen ari da Erdialde osoan, euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egiten
duten familia askorengatik, helduaroan ikastea erabakitzen duten pertsonen ahalegina
medio eta gure hizkuntzaren erabilerari leku egiten ahalegintzen diren kolektiboen
borondateari esker. Eta hori ere, ospatzekoa da.

Herri lanari balorea eman
Nafarroako Ager zonaldean herri mugimenduek kultura eta hizkuntza bultzatzeko
egiten duten lan guztiari balioa emateko euskal jaia antolatzea erabaki dute. “Askotan ez gara konturatzen zenbat
jende dagoen gure inguruan euskalduntasunaren alde lan egiten”, aipatu dute antolatzaileek.
Euskararen aldeko taldeak, Euskara Egunen antolatzaileak, Korrika batzordeak,
dantzari, txistulari, zanpantzar, talde kulturalak, inauteriak, Olentzero eta Maridomingi…


Kartela, Erdialdeko euskal kulturaren adierazlea

Endika Irisok “kukuxumusu estiloan” diseinatutako kartela aurkeztu du agerraldian, eta “euskal kulturaren eta
eta Erdialdeko herrien ikurrak islatu” nahi izan dituela adierazi du: dantzariak, gaiteroak, txalaparta,
euskal mitologia, Olentzero… Merindadeko herrien erreferentzia zehatzak ere ikus
daitezke bertan, hala nola Artaxoako laialariak, Uxueko erromeroa, Martzillako
gaztelua, Erriberriko landa-inauteriak, Santakarako erromatarrak, Tafallako Laguneroa,
Larragako erraldoiak edo Baldorbako erromanikoa. Guztiak Nafarroako Erresuma
zaharreko armarri pean irudikatuta daude, erdian zirkuluerdiz osatutako lauburu bat
dagoelarik.

Gehiago