Euskal Herriko mugimendu antiespezistak dei egin du “zoo eta akuarioen aurka egitera”

Dinamika berri bat martxan jarri dute zoo eta akuarioen itxiera eskatzeko. Uztailaren 4rako Iruñean ekimen bat iragarri dute.

2020-ko ekainak 23

Gaur eguerdian, Euskal Herriko mugimendu antiespezistak prentsaurreko
bat egin du Donostiako Aquariumaren aurrean, Kaiolak Suntsitu kanpaina
aurkezteko. Euskal Herriko mugimendu antiespezistako hainbat lagunek
osatzen dute kanpaina hori, eta adierazi dute uda honetan hainbat
egitasmo antolatzeko asmoa dutela zoo eta akuarioen aurka.

Prentsaurrekoan, beren helburuak eta estrategia azaltzeko komunikatu bat
irakurri dute, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Bertan salatu
dutenez, “animaliak merkantzia soil bilakatu ditugu, eta pertsona jakin
batzuk horrekin aberasten ari dira”. Izan ere, “zoo eta akuarioetan
normalizatu eta betikotu egiten da gizakiz besteko animaliak gu
entretenitzeko edo gure kuriositatea asetzeko mendean har ditzakegun
ideia”.

Antiespezistek hiru exijentzia nagusi plazaratu dituzte kanpainan:
“Akuario eta zooak ixtea, jatorrizko bizi eremuetan bizi daitezkeen
animaliak bueltan eramatea ―eta zorte hori ez daukatenei bizitza duin
bat bermatzea erakusleihoetatik urrun―, eta, azkenik, esplotazio zentro
horietako langileei irtenbide duin bat ematea”.

Horregatik guztiagatik, jendarteari dei egin diote “akuario eta
zoologikoen aurrean posizio irmo eta garbia hartzera, zaurgarrienak
defendatu eta sistema zapaltzaile kapitalista honen aurka egitera”.

Azkenik, uztailaren 4rako deialdia zabaldu dute: aurreratu dutenez,
ekitaldi batzuk egingo dituzte Bilbon, Iruñean eta Hernanin, kanpainan
parte hartzeko.

Informazio gehiago zabaltzeko webgune berri bat jarri dute martxan.

Gehiago