Euskal Herriko hainbat arraunlari zein arraun munduan dabiltzan 100 bat kidek bat egin dute iganderako Ernaik deitutako mobilizazioarekin
2024-ko irailak 3
Gaur goizean, Euskal Herriko hainbat arraunlari zein arraun munduan dabiltzan 100 bat kidek, “Arraunlariok bat eginez” manifestuari babesa adierazteko prentsaurrekoa egin dute eta irailaren 8an Ernaik antolatutako mobilizazioarekin bat egiten dutela adierazi dute.
Manifestua sinatu dutenek zein gaur goizean bildu diren hainbat arraunlari eta gazteek, irailaren zortzian Ernai gazte antolakundeak estropaden bigarren igandeko ospakizunaren baitan deitu duen mobilizaziora dei egiten dute. Eta horrekin batera, Ernairen aurkako eraso ekonomiko eta politikoa gaitzetsi, zein isundunak izandako gazte guztiei elkartasuna adierazi diete: “Euskal Herrian pertsona zein kolektibo orok behar luke haren eskubide politikoak inolako esku-hartzerik gabe aurrera eramateko aukera izatea. Eta hain zuzen, hori da auzi berri honen bitartez Euskal Herriko hainbat gazteri ukatu nahi dietena”, azaldu dute.
✨Ameslarien belaunaldi berri bat dute parez pare, beheak eta goiak irensteko prest dagoena.
— Ernai (@ernaigazte) September 2, 2024
Olatuan altxatuko gara.
Bat eginez #Independentziara.
Igandean Donostiara pic.twitter.com/vn5XgTO0bd
Horregatik aldarrikatu dute, Euskal Herriko gazteria herriaren eraikuntzan antolatzea eta herri hau ardazten duten jardueretan modu aktiboan parte hartzea, ez lukeela gatazka-sortzaile izan beharko; eta are gehiago, pozgarria beharko lukeela Euskal Herriko hainbat eta hainbat gazte konprometituak eta ekintzaileak izatea. “Hori, sustatu eta bermatu beharreko praktika litzateke, eta ez zigortua operazio honen bitartez egin bezala” gehituz.
Bestalde, manifestua sinatu dutenek, Mozal Legearen aurkako jarrera adierazi dute; horrenbestez salatuz, ororen oinarrizko eskubideak kolokan jartzen dituela. Mozal Legea adierazpen askatasunaren aurkako tresna gisa definitu dute eta hainbat gizarte sektoreren aurka egiteko modu sistematikoan erabilia dela salatu dute gainera. “Euskal Herrian lege honen erabilpenaren aurkako nahikoa adostasun dagoela deritzogu, eta, hortaz, uste dugu ez litzatekeela inoren eskubideak ukatzeko erabilia izan behar. Eta hain zuzen, hori izan da manifestu honen bitartez salatzen dugun auzian erabilia izandako mekanismoa” adierazi dute prentsaurrekoan.
Horregatik, irailaren zortzian, 13:30etan, Bulebarretik hasita Ernaik deituriko mobilizazio nazionalean parte hartzera deia zabaldu dute. “Oraingoan, bidegabekeria honen aurrean arraun egitea dagokigu, indarrak batuz norabide berean ekinez”.