Euskal Herriko 30 gazte talde baino gehiagok parte hartuko dute TindEHEr proiektuan
Euskara gazteen artean sustatzeko eta lurraldeen arteko harremanak indartzeko egitasmoa abiatuko da Euskal Herrian Euskaraz mugimenduaren eskutik.
2025-ko irailak 20
Joan den uztailaren 3an, Hendaian aurkeztu zuten Gazte Euskaltzaleon Sareak eta Euskal Herrian Euskarazek elkarlanean prestatutako TindEHEr proiektua. Gazteria euskaldunarengan eta, lehenik, gazteria militante antolatuarengan, kontzientzia linguistikoa berpizteko eta lurralde desberdinen arteko harremanak sustatzeko beharra somatu dute eta udako hilabetetan hainbat gazte asanblada eta gaztetxeko gazteek izena eman dute egitasmo honetan.
“Hasieratik, gazte taldeen artean harrera oso ona izan du egitasmoak eta horren erakusgarri da 30 gaztetxe, gazte asanblada, gazte mugimendu eta bestelako gazte talde eraldatzaile baino gehiagok izena eman izana”, adierazi dute.
Gaur Etxarri-Aranatzen egindako agerraldian, gazte taldeen artean egindako Matxak, bikoteak, iragarri dituzte. Aurkezpenera, talde parte hartzaile ugaritako kideak bertaratu dira eta euren Matxarekin lehen hartu-emana edukitzeko aukera izan dute. “Matxak osatzerako garaian, bi irizpide nagusi izan dira kontutan: eremu soziolinguistikoa eta lurraldetasuna. Hala, iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko loturak elikatzea eta euskarari dagokionez, ingurune oso desberdinetako gazteak batzea izan da lehentasun”, argitu dute.
Orain, ekimenak bigarren fasera egingo du jauzi, non, gazte taldeek hartuko duten gidaritza. Horrela, gaur hasi eta urte amaiera bitarte, Matxek euren arteko harremanean sakondu eta elkarrekin osatu behar duten egitarauaren antolaketan murgilduko dira. Euskaratik eta euskaraz, harreman eta bizipen berriak eraikitzen hasteko unea iritsi dela adierazi dute.
Hauek dira osatutako Matxak:

