Euskal Herriko 14 alderdi politiko eta sindikatu espetxe politikan aldaketak eskatu dituzte
Bilboko Euskalduna Jauregian espetxe poltikaren inguruko adierazpen publikoa egin dute EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos/IU, ELA, LAB, CCOO, UGT, STEILAS, ESK, CNT, CGT, Hiru, EHNE eta Etxalde alderdi eta sindikatuek. Eragile hauek sinatu duten adierazpena Ana Pérezek (STEILAS), Raúl Arzak (UGT), Maddalen Iriartek (EHBildu) eta Irune Berasaluzek (EAJ) irakurri dute.
2020-ko abenduak 11
Gaur, komunikabideen aurrean agertu diren alderdi politiko eta sindikatuek pertsona euskaldun presoei Espainiako Gobernuak aplikatzen dizkien politikei buruzko euren azterketa eta balioespena ezagutarazi nahi izan dute.
“Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila”, eskatu dute, sakabanaketa politikarekin amaituz eta birgizarteratzearen printzipioak bermatuz. Azpimarratu dutenez, 2011 urtean ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan beharrezkoa dela beste espetxe politika bat “presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena”.
Adierazpen honetan, Covid-19ak eta konfinamenduak pandemia honek espetxeratuentzat dituen ondorioei ere erreparatu diete. “Hilabete hauetan ugariak izan dira erakunde politiko eta sozialen ekimenak, nazioarteko erakundeen gomendioak jarraituz, Europatik, Madriletik, Gasteizetik eta Iruñetik eskaera hau egin dutenak: dagokien agintariek har ditzatela neurri espezifikoak pertsona presoei begira, haien osasun eta segurtasun baldintzak hobe daitezen eta hobera egin dezaten osasun krisialdiaren ondorioek bereziki ukitu dituzten legedi juridikoko eskubideek ere”.
Gizarteak bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin duela azpimarratu dute, eta “iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako” gainditzeko urratsak ematea eskatzen duela ondorioztatu dute.
Espainiako Gobernuari euren sostengu osoa helarazi nahi diote “pertsona euskaldun presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea erabakitzen badu”, eta Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen diote. “Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu”, esan dute.
Horregatik, premiazkotzat jotzen dute “egungo urruntze politikari amaiera ematea eta presoak Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea”.
Alderdi politiko eta sindikatu hauen artean lortutako akordio hau Pedro Sánchez, Espainiako presidenteari, Iñigo Urkullu, Lehendakariari, Maria Chivite, Nafarroako Presidenteari eta Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko presidenteari helaraziko diete, beste eragile eta erakundeen artean.