Euskal Herriaren askatasunaren aldeko konpromisoan berresteko deitu du Sortuk “Txiki” eta Otaegiren urteurrenean

Hilaren 25ean nazio-ekitaldia egingo du Tolosako Leidor Aretoan, Jon Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituzten urteurrena gogoratzeko eta Euskal Herriarekin konpromisoan berresteko.

2022-ko irailak 9

Irailaren 27a momentu berezia da ezker abertzaleko komunitatearentzat. Egun honetan, 1975eko irailaren 27an Frankoren Erregimenak agindutako azken herio-kondenak gauzatu ziren eta, ETA-ko kide ziren, Jon Paredes Manot “Txiki” eta Angel Otaegi fusilatu zituzten.

Urtez urte, Ezker Abertzaleak Euskal Herriarekin duen konpromisoa oroitu eta berresteko baliatu du egun berezi hau. “Irailaren 27a Nazio Askapen Mugimenduaren eguna da guretzat”, adierazi dute Kizkitza Gil de San Bixente eta Haimar Altuna ordezkariek, eta horregatik irailaren 25ean, Nazio Ekitaldia egingo dute Tolosan, Leidor antzokian, 12:00etan “Nehork ez dio Eguri itxaropena kenduko” lelopean. Eta irailaren 27an bertan, Sortuk hainbat ekitaldi eta mobilizazio antolatu ditu “Independentziareako indarra” lelopean, horien artean Iruñeko Zumalakarregi Portaletik abiatuko den manifestazioa.

Mobilizazio horiek krisi testuinguru larri batean kokatzen ditu aurten Sortuk. “Txiki eta Otaegi fusilatu zituzten garaian, Euskal Herria hipotesi bat zela eta egun, harrokeriarik gabe, Euskal Herria errealitate kultural, ekonomiko eta politiko aitortua dela. Alta, konplazentziarik ez. Salbuespeneko testuinguru historikoan bizi gara. Kapitalismoaren garapen-ereduak bizitza kolokan jarri du eta krisi energetikoak orain arte ezagutu dugun antolakuntza ekonomiko, politiko eta sozialaren eraldaketa ekarri du”, esan du Sortuk.

“Zibilizazio eredu berri bateranzko trantsituan gaudela ulertu behar dugu eta pultsu baten erdian ematen da: pultsu territoriala, pultsu demokratikoa, pultsu ekonomikoa…”. Eta horren aurrean independentismoa eta eraldaketa sozial eta politikoa nahi duten sektoreek lidergoa hartu behar dutela uste du Sortuk, eta estatua izateko ibilbidea “azkartu” behar dela gehitu du. “Testuinguru historiko honetan, herri gisa egituratu, kohesionatu eta boteretu behar dugu. Burujabetza ez da aukera bat. Burujabetza bitartekoa da, ekonomia arautu, aberastasuna banatu eta eraldaketa sozialean sakonduko duen sektore publiko indartsu bat izateko”.

Ezker abertzalea “garai historiko honek eskatzen duen anbizioarekin eta konpromisoarekin” arituko dela ziurtatu du Sortuk, eta deitutako mobilizazio eta ekitaldietan parte hartzeko deia egin du.

Ernai: “Orain dela 50 urteko proiektu politiko bera dugu zerumugatzat: Euskal Herri askea”
Ane Alavak, Ernai antolakundeko bozeramaileak, irailaren 27ak gazte ikuspegitik duen baloreaz jardun du. “Guk, Ernaitik, gazteriari deialdi berezia egin nahi diogu ekitaldian zein mobilizazioetan parte hartzeko”, adierazi du. Ernaiko bozeramailearen esanetan, “Etenik izan ez duen atzoko borrokaren memoria eraikitzeko ezinbestekoa baita gaurko gazteon lana. Beste testuinguru batean, beste garai batean kokatzen bagara ere orain dela 50 urteko proiektu politiko bera baitugu zerumugatzat: Euskal Herri askea”.

Alavaren esanetan, “mundua hankaz gora dago, eta Euskal Herriak ez du behar besteko burujabetzarik herri gisa aurre egiteko”, eta horri “belaunaldi krisia”  gehitu dio, “espektatibarik gabe eta prekarietatera kondenatuta nahi gaituzte, isilik eta otzan”. Horren aurrean etorkizuna badela azpimarratu nahi izan du Ernaiko bozeramaileak. “Badago alternatiba eta borrokan jarraitzea da. Gure aurrekoen akats eta garaipenetatik ikasiz, milaka gazte konprometituk lanean jarraitzen dugu, Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala lortzeko borrokan”.

Gehiago