Euskal Herria zatitzen dituzten mugarriek kendu dituzte Euskal Errepublika aldarrikatuz
Espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herria zatitzeko erabilitako hainbat mugarri kendu dituzte ekintzaile anonimo batzuek. Ekintzaren irudiak igorri dizkiote Ahotsa.info-ri ekimen honen arrazoiak azaltzen dituen ohar batekin.
2021-ko maiatzak 26
Ekintza, mendialdean “frantziar eta espainiar estatuek ezarritako lerro imaginarioko mugarrien aurka” burutu dute. Ekintzaileen esanetan “mugarri hauek, sinbolikoak baino, alde bietako biztanleengan esanguratsuak” dira, eta hauetara gerturatzen direnen bizitzengan “erabakiorrak suerta daitezke ere” uste dute. “Hil ala bizikoak”, diote ekintzaileek Ahotsa.infora helarazitako oharrean.
Azken astean izandako zenbait gertakariekin mugen inguruko hausnarketa egiten dute ekintza honen egileek. “Marruekos-Espainia arteko krisia, edota Bidasoan itotako etorkinaren heriotza, muga hauen arrazoia eta injustizia are lazgarriagoa egin zaigu”.
“Mugarri horiek aspaldi ezarri zituzten hor lerro ikusezinetan. Beste batzuek ezarri zituzten euren mesederako, eta aspaldi ari dira lurraldea zatitu eta biztanleengan kalteak eta oztopoak sortzen. Eta hauxe aldarrikatu nahi izan dugu ekintza honekin; Interes partikularrei zor zaizkien merkantziei ateak ireki eta pertsonei ordea bidea oztopatzen dieten estatu eta eta legeak ez direla gureak”, aipatzen dute oharrean.
Jarraian, eta bukatzeko, Euskal Errepublikaren aldeko aldarria egiten dute “gaur egun Euskal Herrian giza eskubideak babestu eta gizartearen interesak defendatzeko baliabide bakarra” delako uste dutelako.