Euskal Herria Baterak, apirilaren 4an Aberri Eguna keinu baten bidez elkarrekin ospatzeko deia egin du
2021eko Aberri Egunean keinu bat batera egitea proposatu du Euskal Herria Batera herri ekimenak. Apirilaren 4an, 12:30etan irratien bidez edo tokiko telebisten bidez ekimena jarraitzeko aukera izanen da, eta herriko plazetan eginen diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute.
2021-ko martxoak 16
Iazko Aberri Egun bereziko deialdiaren arrakasta ikusita, aurten ere Euskal Herria Batera herri ekimenak, apirilaren 4an Aberri Eguna batera ospatzeko deia egin du. Pasa den larunbatean publiko egin ziren aurtengo edizioaren zehaztapenak. Balkoi eta leihoetatik plazetara jauzi egiteko deia egiten du ekimenak. Izan ere, iaz etxeko konfinamenduaren ondorioz, balkoi eta leihoetan ospatu bazen eguna, Oihana Maritorena sustatzaileak azaldu zuenez aurten, eguerdiko 12:30etan, ikus- entzunezko seinale bat emitituko da irratien bidez, tokiko telebisten bidez eta sarean. Musika izango da seinale horren protagonista, herritarrak kantuz elkartu daitezen.
Seinale hori etxetik, diasporan nahiz edozein tokitatik jarraitzeko deia egin dute. Baina aurten, herri eta auzoetako plazetan elkartzeko deia ere egin dute. “Herrietako plazetan elkartzeko deia egiten dugu bai seinalea batera entzuteko, edo herriko musikariekin kantaldiak antolatzeko ere, beti ere COVID19agatiko osasun irizpideak zorrotz betez. Hiru kantu proposatzen ditugu… baina gehiago ere izan daitezke. Ekimen herritarra da eta beraz herriak nahi duena kantatu dezala.”
Hala ere, ekimena ez dute plazetara soilik mugatu nahi. “Gauden tokian gaudela, etxean, mendian zein hondartzan, Euskal Herrian zein kanpoan, seinalearekin bat egin eta kantatzeko deia egiten dugu” erantsi zuen Maritorenak eta egindakoa sareen bidez kontatzeko deia ere egin zuen.
Ondoren Imanol Esnaolak, ekimen honen bidez “Euskal Herri burujabea” aldarrikatuko dutela adierazi zuen. “Erabaki politikoak herritarrengandik ahalik eta gertuen hartzeko, gure bizitzen eta gure ongizatearen alde egiteko. Komunitate nazional gisa, zainduko gaituen herri bat izan nahi dugulako.”
Euskal Herria Batera, keinu bat elkarrekin
Euskal Herria Batera herri ekimena aurreko asteetan euren asmoaren berri ematen ibili da eragile sozial, politiko eta sindikal ezberdinei. Euren asmoa, “bestelako ospakizunen osagarri” izatea dela adierazi zuen Esnaolak, une batean keinu bat elkarrekin, batera eginez.
Pandemia baten erdian jarraitzen dugunez, plazetako ekimena segurtasun eta osasun irizpideak zorrotz betez egiteko deia luzatu dute antolatzaileek. Maritorenak azaldu zuenez, Batera egitea proposatzen duten keinua, elkarrekin kantatzea izango da. Hiru kantu proposatu ditu herri ekimenak, Euskal Herria batzen dutelakoan: Gernikako Arbola, Txoria Txori eta Ikusi Mendizaleak.
Bestetik, Aberri Egunean leiho eta balkoiak ikurrinaz eta nafar ikurrez apaintzeko deia ere egin dute. Behar duenak, www.aberrieguna2021.eus webgunean erosteko aukera izango du.