Euskal gehiengo sindikalak euskal presoen etxeratzea prozesuan urrats gehiago ematea eskatu du
2024-ko abenduak 20
Gaur Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala ordezkatzen duten sindikatuak kalera irten dira “urtetan bizi izan den gatazkaren ondorioen konponbideak duen garrantzia mahai gainean jartzeko” eta euskal presoen etxeratze prozesuan “urrats garrantzitsuak eman badira ere” askatzeko falta diren “korapilo handiei” irtenbidea emateko.
“Europar Batasuneko zigorren batuketaren lege erreforma albiste pozgarria bada ere, bide luzea falta da oraindik egiteko. Biolentzia ezberdinen biktimek egia jakitea eta aitortza behar dute, honen eskutik, espetxean dauden eta erbestean dauden euskal herritarren etxeratzea beharrezkoa da iraganera iltzatzen gaituzten korronteei amaiera eman eta behin betiko elkarbizitzari begira jartzeko”, dio ELA, LAB, CGT/LKN, Steilas, ESK, CNT, Hiru eta EHNE sindikatuek sinatu duten oharrak.
Urtarrilaren 11an Sare Herritarrak Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. “Langileok ere gure ekarpena egingo diogu konponbide prozesuari, gure alea jartzeko prest gaude etxera bidean. Hain zuzen ere, hori aldarrikatzeko langileok ere urtarrilaren 11an Bilbon izango gara”.