Euskal gazteriak bizi duen larrialdi egoerari aurre egiteko eta eraldaketa soziala bultzatzeko burujabetasuna aldarrikatu du Ernaik
Ernai gazte antolakundeak manifestazioak egin ditu gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan gazteriak bizi duen larrialdi egoera salatzeko eta horri aurre egiteko eraldaketa soziala aldarrikatzeko. Eraldaketa hori gauzatzeko, burujabetasuna eskatu du Ernaik.
2021-ko maiatzak 7
“Larrialdi egoeran gaude. Ez lanik, ez emantzipatzeko eskubiderik, ez ikasketak modu duin eta doakoan egiteko aukerarik ere ez. Eta gainera psikologikoki hondoratuak. Espektatibarik gabe bizi garen belaunaldia da gurea, 2008ko krisiaren ondorengoak”.
Gaur egungo euskal gazteria “murrizketak, kaleratzeak eta prekarietatea besterik bizi” ez duen belaunaldia da. Etorkizun oparoa izango zutela behin eta berriz entzun duten arren. Eta pandemiak egoera larritu duela ohartu dira. Hala ere, arazo estrukturala zela argi du Ernaik. “Kapitalismoak irabaziak pilatzen jarraitzeko, langile klasearen prekarizazioan sakontzen ari da. Eta gu, gazteak, sektore kolpatuenetakoa gara. Neoliberalismoa Covid-19aren osasun krisia gutxi batzuen etekinak handitzen jarraitzeko eta gehiengoaren esplotazioan sakontzeko baliatzen ari dela agerikoa da. Tabernetan lanean ginen gazteak, ERTEra joan gara, partikularretako irakasleak kaleratu gaituzte. Baina betikoek poltsikoak betetzen jarraitu dute. Inongo pudoderik gabe. Haientzat gure bizitzek ez dute baliorik”, salatu dute manifestazioaren bukaeran Sarasate Pasalekuan egindako ekitaldian.
Kapitalaren ofentsiba berri baten aurrean gaudela nabarmendu dute. “Egoera larria da. Eta gazteon eta langileon interesak borrokatzeko dugun beharrak gure indarrak elkartzera eraman behar gaitu. Humiltasunez, Euskal Herriko gainontzeko indar sozial eta sindikalarekin batera aritzera”, zehaztu dute. Eta bidegurutze honetan “eredu aldaketarantz bultza egitea inoiz baino beharrezkoa” dela jotzen du Ernaik.
“Espainia eta Frantziak ez digu ezer eskaintzen. Espainia eta Frantzia etorkizun eza dira. Haien errezeta neoliberal, autoritario eta ukatzaileek gazteon egoera betikotu eta areagotzen” dutela dio Ernaik, eta arazo estruktural hori betikotzen dituzten hainbat arlo aipatu dituzte: lan erreforma, errepresio poliziala, politika neoliberalak, matxismo eta arrazakeri instituzional… Euskal Herria Espainia eta Frantziaren menpean dagoela eta burujabetasun falta duela ere azpimarratu dute.
“Gu ez gara inoren zerbitzari izango. Gazteon egoera iraultzeko Euskal Herrian eraldaketa sozialaren eta burujabetzaren aterabidea behar dugu”, esan du Ernaiko bozeramaileak. Alarma egoerarekin edo gabe, gazteria berdin-berdin jarraituko duela ziurtatu dute, eta larrialdi egoeratik ateratzeko “eraldaketa soziala eta burujabetza” behar direla aldarrikatu dute. “Aldaketa posible da, beharrezkoa da. Herria eta herritarrak erdigunean kokatuko dituen aldaketa. Eta guk, argi dugu, hori soilik burujabe izanda lortuko dugula”.
Egoera ezkor honetatik etorkizun hobe baterako bidean, kaleak hartzeko deia egin du Ernaik. “Euskal Herrian, gazteok ez dugu bestelako krisirik irentsiko! Ordain dezatela haiek”, gehitu dute, eta datozen hilabetetan gazteak “lehen lerroan” egotera gonbidapena luzatu dute. “Iparra independentzia, sozialismoa eta feminismoa dugu. Bidea argia: eraldaketa soziala eta burujabetzaren norabidean bultza egitea, gazteon eta herri honen larrialdi egoera iraultzeko. Antolatu eta borrokatu”.