Etxerik gabekoak kalean lo egin ez dezaten lehenengo neurriak hartu ditu Iruñeko Udalak
Gonzalez Tablas kalean ireki berria den aterpeak ordutegia handituko du erabiltzaileek kalean horrenbeste denbora eman behar izan ez dezaten. Iruñeko Udalak baliabide gehiago eskainiko die kalean bizi direnei eta horretarako langile gehiago jarriko ditu arreta hori eskaintzen Etxerik Gabekoei Arreta Emateko Zentroan. DYArekin ere koordinatu eginen dira aterpeko ordutegia zabaldu ahal izateko eta goizeko lehen orduan itxi ordez eguerdian egiteko.
2024-ko urtarrilak 9
Hotz handiena egiten duen egunetarako Etxerik Gabekoei Arreta Emateko Zentroan langile gehiago ariko dira eta baliabideak handitu eginen dituzte. Hala jakinarazi du gaur Iruñeko Udalak. Horrez gain, Gonzalez Tablas kalean ireki berri den aterpetxeak koordinazio lana izanen du DYAko boluntarioekin ere. Aterpetxea ez dute zertan goizeko lehen orduan utzi bertako erabiltzaileek, eguerdira arte zabalik izanen baita egunotan.
Plazarik gabe ez da inor kalean lo egiten geratuko. Hala nabarmendu dute ohar batean Iruñeko Udaletik. Izan ere, aterpe baten beharra duela dioen guztiari eskainiko zaio aterpetxean lo egiteko aukera edo pentsio batean geratzeko aukera. Horrez gainera gizarte langileak ere jarri dira kalean bizi diren horiei segimendua egiten gizarteratzea eta enplegu bat bilatze aldera.
Abenduaren 28tik 135 laguni eman diete aterpe Etxerik Gabekoei Arrerta Emateko Zentroaren bidez eta horrela ez da inor kalean geratu: ez behintzat zerbitzu horretan eskaera egin duena. Hiru baliabide ari dira egunotan erabiltzen etxerik gabekoei eskaintzeko: Trinitarioetako aterpea (58 lagunentzako tokia du), Gonzalez Tablas kaleko aterpetxea (56 pertsonarentzako tokia du) eta hirian dauden hostal edo pentsioetan.
“Aterpe bat eta gehiago ere behar dute kalean bizi direnek”
Elkarri Laguntza Elkarteak jakinarazi du kalean lo egiteak egunerokoa asko zailtzen diela pertsona horiei, baina aterpe bat ematea ez dela aski izaten: “Egunak 12 ordu ditu eta zereginik gabe baldin badaude ez dute etorkizun duinik izanen”, esan du Miren Urteaga Elkarte horretako kideak. Alkatetza aldaketarekin inork ez du gaua kalean pasatzen. Orain bestelako baliabideak eta aukerak eskaini behar zaizkiela uste dute Elkarteko boluntarioek.