Etxeratek abuztuaren 3an hondartzak betetzeko deia zabaldu du

Euskal preso eta iheslari politikoen senideen elkarteak euren eskubideen defentsan kosta eremuetan kontzentrazioak egingo ditu sakabanaketak 25 urte bete dituen honetan espetxe politika hau salatzeko. 2014ko ekainaren Hilabetekaria kaleratu dute ere.

2014-ko uztailak 24

Udan euskal preso politikoen senide eta lagunentzat ez dela oporrik gogoratuz, euren egoera salatzeko Euskal Herriko hondartza eta kosta eremuetara gerturatu dira aurten ere.

"Sakabanaketak indarrean jarraitzen du, bizi osorako zigorra -40 urteko kartzelaldia- aplikatzen jarraitzen dute, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak ere ez dituzte askatzen. Senide eta lagunon kontrako jazarpena ere gero eta handiagoa da", salatu du Etxerat elkarteak. 

Dispertsioak 25 urte bete dituen honetan, espetxe politika honen ondorioak ezagunak dira: 16 senide edota lagun hil dira errepidetan, eta 25 egunetik behin istripu bat eragin du sakabanaketak.

Hori dela eta, Etxeratek, deituriko kontzentrazioetan parte hartzeko deia zabaldu nahi die euskal herritar guzti guztiei. "Guztiok gara beharrezkoak dispertsioarekin amaitzeko. Horregatik, abuztuaren 3an, hondartzak beteko ditugu. Dispertsioarekin amaitzeko unea delako", azpimarratu dute.

 

Gehiago