Etxerat: “Ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron dagozkien hirugarren grado eta baimenak lortzeko”
Euskal preso politikoen senide eta lagunen Etxerat elkarteak euren senide presoei gradu aldaketa eta baimen eskaerak arrazoi politikoengatik ukatzen zaizkiela salatu du gaur egindako agerraldian.
2021-ko uztailak 15
Une erabakigarria da oraingo hau euskal presoen salbuespen egoerari, oraindik indarrean diren espetxe neurriei, neurri juridikoei eta senitarteko garenon eskubideen urraketari amaiera emateko.
Egia bada ere Espainiako Gobernuaren ekimena dela eta datozen egunetan Andaluziako espetxeetan ez dela geldituko senitarteko bakar bat ere, ez dela geldituko lehen graduko preso bakar bat ere eta, beraz, ekimen horrek gure eta gure senitarteko presoen egoera hobetu badu ere, oraingoz ez zaio Espainiako Estatuari borondate politikorik ikusten, portaera mota bat desaktibatzeari ekiteko, iraganeko inertziak alboratu eta behingoz erabaki bat hartzeko, bizitza aske bat eramateko gure senitartekoek egin behar duten bidea eragozten duten gainerako ad hoc neurriei amaiera emateko.
Hiru hamarkada baino gehiago behar izan dira presoen urruntze sistematiko eta orokortuari amaiera emateko, eta beste horrenbeste, presoei errejimen arrunta itzulia izan dakien. Alabaina, ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron, berrintegraziorako oztopoak eta galarazpenak egunero gainditzen; ezin dugu jarraitu sufrikarioaren luzapenaren biktima izaten eta ezin da kondenatu euskal gizartea bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzera.
Euskal Herriaren periferiako espetxeetan euskal espetxeetan egon behar luketen 126 senitarteko ditugu guztira. Bestalde, Euskal Herriko espetxeetan gaur egun guztira dauden 60 presoen gehiengoak betetzen ditu hirugarren graduan egoteko baldintzak.
19 preso ditugu gaixotasun larriekin eta 9 preso, 70 urtetik gorakoak; horietako hiruk 30 urteko espetxe zigorra gainditua dute eta, beraz, askatasunean beharko lukete egon.
Presoen kolektiboa osatzen duten 207 kideetatik 60k beren zigorraren hiru laurdenak beteak izango dituzte 2022an. 50 presori baino gehiagori ez zaie kontuan hartu Espainiara entregatuak izatean Frantzian jadanik betea zuten zigorra.
Gaur Bilbon 32 euskal preso politikoren beste horrenbeste senitarteko elkartu gara. Entzutegi Nazionalak horiei guztiei, urtean zehar, behaztopatu egin die erredentzioak edo zigor luditzeak, irteerako baimen arruntak eta hirugarren graduak lortzeko bidea.
Orain arte, 21 presoren kasuan, hainbat espetxetako Tratamendu Batzordeek hirugarren gradura pasatzeko eta ohiko irteera baimenetarako egindako proposamenak inpugnatu egin dira edo Entzutegi Nagusiko fiskaltzak helegitea jarri du haien kontra. Espetxe Erakundeen Idazkaritza Orokorrak edo Espetxe Zaintzaren Epaitegi Zentralak onetsitako erabakiei berei ere helegitea jarri izan die fiskaltza horrek berak.
2021 urtean zehar ezohiko erredentzioak (zigor luditzeak) beste bederatzi kasutan ukatu dira edo presoen baimen eskaerei baiezkoa emateko egoeran, hasiera batean Tratamendu Batzordeak onartu egin zituen eskaerak, baina gero ukatu egin ziren.
Eta, azkenik, beste bi euskal presoren kasuak ditugu. Abian dituzte espedienteak, baina Ministerio Fiskalaren edo Espetxe Zaintzaren Epaitegi Zentraleko epailearen jarrera ez da oraindik ezagutzen.
Presoen senitartekoak gara, eta haiek lehen pertsonan jasan behar duten egoerak ukitzen gaitu gu ere. Ez da bidezkoa etengabe oztopoak jartzen aritzea, bat bestearen atzetik, presoak azkar berrintegratzeko eskubidea eragozten saiatuz. Eskubidea dute baimenetarako, hirugarren gradua lortzeko eta zigor luditzeetarako. Euskal presoek aspaldi hasi zuten beren ibilbide juridikoa eta haietako askok betetzen dituzte hirugarren gradua eta baimen arruntak lortzeko eta askatasunean irteteko baldintzak.
Espainiako Estatuak eta, kasu honetan, Espainiako Entzutegi Nazionalak gainditua den denbora batean jarraitzen du, baina ezin dugu onartu salbuespen egoerari eutsiko dion traba gehiagorik. Horregatik, euskal gizartearen gehiengoak eskatzen duen modura, senitartekook ere honako hau proposatzen dugu: presoei beren ibilbidea egitea galaraziko dien guztia behingoz desblokea dezatela.