Etxerat elkarteak bere Batzar Nazionala eginen du igande honetan Iruñean

Elkartasuna eta babesa izanen ditu ardatz batzarrak. Iruña Park hotelean da hitzordua goizeko 11:00etan. Gizarte eragileek eta alderdi politikoek sinatutako manifestua ere irakurriko du elkarteak.

2015-ko apirilak 29

Batzar Nazionala eginen du Etxerat elkarteak Iruñean: "Euskal errepresialiatu politikoen senide eta lagunek eginen dugu bat", adierazi dute agerraldian. Elkarteak urteotan landutako bidearen balantzea egin eta etorkizunerako lan ildoak berrestea dute xede.

Preso eta iheslarien senideei gizarte-laguntza eta arreta psikologiko eta soziala egitea da Etxerat elkartearen lana, diote, "senideei tokatu zaigun egoerari, kondena gehigarriari aurre egiteko babesa eskaini du Etxeratek".

Igandeko Batzar Nazionalean babesa eta elkartasuna izanen dira ardatz, hala nabarmendu du Maider Alustiza Etxerat elkarteko eledunak. Modu horretan, "espetxeetara bisitan joaten direnak eta giza eskubideekin eta gatazkaren konponbidearekin konprometitutakoak bat eginen dugu", esan du.

 

Manifestu baten berri emanen dute

Etxeratek egiten duen lanaren aldeko manifestuaren berri ere emanen dute igandean, "gizarte eta eragile politikoen konpromisoa ere mahai gainean jarriko dugu". Bakearen bidean aurrera egin eta sufrimendua behin betiko atzean utzi nahi dutenek egin dute bat Etxeratekin.

Igandean, Iruña Park Hotelean da hitzordua goizeko 11:00etan. Giza eskubideen urraketekin amaitzeko helburu duen deialdia dela jakinarazi dute.

Gehiago