Etxerat: “Dispertsio politikaren helburua kaltea eta bakearen bidean eragozpen handiena sortzea da”
Leonen, 370 kilometrotara kartzelatua den Olga Comes euskal preso politikoaren senide eta lagunak Etxerat elkarteak emandako prentsaurrekoan bildu dira pasa den igande goizaldean presoaren hurbileko batek sufritu zuen istripua salatzeko. Nafarroako Parlamentuak sakabanaketa politikaren aurka harturiko akordioa txalotu dute.
2016-ko urtarrilak 28
Gogogratuko denez, lainoa zela-eta, abiadura handian zihoan beste kotxe batek atzetik kolpatu zuen Olgaren laguna. Ondorioz, sortutako zauri eta kontusioengatik artatua izateko, anbulantzian ospitalera eraman behar izan zuten. Ezin izan zuen ez bidaiarekin jarraitu, ezta bisita gauzatu ere.
Gertaera honen “larritasuna” salatu du Etxerat-ek. “Zauritua izan den pertsona hau ez zen atsegin zuelako bidaiatzen ari, ez lan kontuengatik, ezta bere esku zegoen zergati batengatik. Goizaldean ari zen bidaiatzen, ikuspen eskasarekin eta horrek dakarren arriskuarekin, goizeko 08:30etan Leongo kartzelan egon behar zuelako bisita galdu nahi ez bazuen. Euskal preso politikoen senide eta lagunon kasuan, gure familia bizitza eskubidea laburtzen den 40 minutuko tarte horrek prezio oso altua duelako bidaiatzen zuen: inposatutako desplazamenduak, inposatutako distantziak, inposatutako ordutegiak eta noski, horrek guztiak inposatutako arriskua”.
“Kaltea sortzea, dispertsio politikaren helburu” bat dela, eta era berean, “konponbide eta bakearen bidean eragozpen handiena” dela salatu du Etxerat-ek. “Euskal gizartearen gehiengoak behin eta berriro azaldu du salbuespeneko kartzela politikekin amaitzeko bere borondatea”, gogoratu dute, eta zentzu horretan txalotu sakabanaketaren aurka Nafar Parlamentuko akordioa. Akordio honen bidez, eskubideen errespetu eta dispertsioaren amaierarekiko konpromisoarekin, zein Nafar Gobernuko bake, bizikidetza eta Giza Eskubideen Idazkaritzatik, zauritutako pertsonari zein Olga Comesen sendiari elkartasuna helarazi zitzaion.
“Aurrenekoz, pertsona guztien eskubideak interes politikoen gainetik kokatzen dira. Hau da euskal presoen senide eta lagun guztiei transmititu nahi diegun konfiantza, gizarteari ere itzuli nahi dioguna. Helburu politikoekin soilik, oinazea bilatzen duen kartzela politika baten amaiera hurbilago dago. Eskubideak urratzen dituen salbuespeneko politikarekin amaitzeko konpromisoa berritu eta berrindartzeko, denok aktibatzea ezinbestekoa da”, esan du Etxerat elkarteak.