Etxegabetze berri batez ohartarazi dute Burlatan
Etxebizitzaren aldeko hainbat kolektiboek "instituzio publikoen ekintzarik eza" salatu dute Burlatan ematekoa den etxegabetze baten aurrean. Bi adingabe dituen herriko emakume batek etxegabetze agindua jaso du, urriaren 9rako.
2025-ko irailak 19
Berriozarko PAH-k, Iruñerriako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituren Etxebizitza Sindikatuak ezagutzera eman dute bi adingabe dituen Burlatako emakume batek etxegabetze agindua duela ezarrita urriaren 9rako.
Bideo batean Meryem izeneko emakumeak azaltzen du logela batean bizi dela bere bi semealabekin. Bere esanetan ez Burlatako Udalak ez Nafar Gobernuak ez diotela alternatiba iraunkorrik eskaini. “Legez kanpoko azpierrenta baten biktima izan ostean, etxebizitzatik alde egiteko prest agertu dira hasieratik, etxebizitzak ez baititu betetzen bertan bizi ahal izateko baldintza egokiak”, azaldu dute bideo berdinean.
Kolektiboek ez dute ontzat ematen instituzioek argudiatutako baliabide falta, horrek “kontrastatu egiten baitu instituzio horiek beraiek etxebizitzaren negozioari ematen dioten babes ekonomikoarekin, onura fiskalen, kolaborazio publiko-pribatuen eta etxejabeen poltsikoetan amaitzen duten laguntzen bitartez, besteak beste”.
Nabarmendu dute “etxebizitzaren negozioa dela gaur egun bizi dugun arazoaren erroa, horrek baimentzen baitu batzuk aberastea beste askori etxebizitzarako sarbidea zailtzearen edota ukatzearen kontura”.
Kolektibo hauek ohartarazi dute etxegabetzea gauzatzekotan emakume hau eta bere semealabak kale gorrian geratu litezke.
