ETBn “Non dago Mikel?” ikusteko aukera izanen da datorren ostegunean
Datorren osteguna, martxoak 10, ETB 1an Non dago Mikel? filma ikusteko aukera izanen da. Eusko Jaurlaritzak 12/2016 legearen baitan Mikel Zabalza biktima gisa aitortu eta gero etorri da emanaldiaren iragarpena. Zabalza torturaren biktima bezala aitortu izana pozez hartu du Nafarroako Torturatuen Sareak, eta Nafarroako Gobernuari bide bera egitea eskatu dio.
2022-ko martxoak 4
Ostegunean, mrtxoak 10, gaueko 22.30etan, ETB1an. Mikel Zabalzari buruzko filma badu ETBko parrillan bere lekua. Dnostiako Zinemaldian 2020n estreinatu zen, eta 2021ko otsailean zine aretoetara egin zuen salto filmak. Ondoren, Euskal Herriko areto askotan eman da pelikula, eta gure mugetatik haratago ere ikusteko parada izan da, hainbat festibaletan, emanaldietan eta baita ere TV3n. Filmak sariak eta kritika onak jaso ditu, eta orain euskal herritar guztiek ikusteko aukera izanen dute telebista publikoaren bidez.
Nafarroako Gobernuari biktima bezala aitortzeko eskaera
ETBren iragarpena Eusko Jaurlaritzak Mikel Zabalza biktima gisa aitortu eta gero etorri da. Horren inguruan Nafarroako Torturatuen Sareak oharra kaleratu du erabaki hau “pozez” jasotzen duela adierazteko.
Ildo horretan, Nafarroako Gobernuari Mikel Zabalza torturaren biktima gisa aitortzeko urratsak eman ditzala eskatzen diote, “16/2019 Foru Legeak eskaintzen dituen aukeren baitan eta aitortza eta erreparaziorako mekanismoak ezar ditzala Nafarroan dauden 1.000tik gorako tortura kasuentzat”. Sareak gogoratzen du Mikel ez zela kasu isolatu bat izan “Euskal Herri osoan sufritutako milaka tortura kasuren icebergaren punta baizik”.
Oharrarekin amaitzeko, Zabalza familiari euren “zorion eta miresmenik beroena” adierazi diote “azken hiru hamarkada luze hauetan Mikel torturaren biktima gisa aitortzeko egindako lanagatik, eta, era berean, Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenari azken urteotan egindako borrokagatik”.